Venezuelako oposizioa Kongresura bueltatu da bost urteren ondoren

Aurten BEZik ez duela igoko hitz eman du Hugo Chavezek, abenduan iragarri zuenaren kontra

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Venezuelako Kongresuak legealdi berria estreinatu zuen atzo. 2015era bitartean Caracasko Legebiltzarreko eserlekuak beteko dituzten 165 parlamentariak joan den irailaren 26ko hauteskundeetan aukeratu zituzten. PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak 98 eserleku izango ditu, eta oposizioak, berriz, 67. Horixe da, hain zuzen ere, legealdi berri honen nobedadea: bost urteren ostean Venezuelako oposizioa Kongresura itzuli dela. Izan ere, 2005eko bozetan parte ez hartzea erabaki zuen MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia alderdiak, hauteskundeen zilegitasuna kolokan jartzeko asmoz.

Fernando Soto 77 urteko gerrillari ohia izendatu dute Parlamentuko presidente. Bestalde, atzokoan oposizioko bi parlamentarik ezin izan zuten euren lekua bete, ustezko ustelkeria eta hilketa kasuak direla-eta auzibidean daudelako. «Preso politikoak» direla salatu dute bi parlamentariek, eta ordezko bi alderdikidek hartu dute behin-behinean haien lekua.

Legebiltzarrera joan aurretik, PSEVeko 98 parlamentariak Panteoi Nazionalera joan ziren Simon Bolivarren sarkofagoaren aurrean «Bolibarren iraultzatik XXI. mendeko sozialismora bidean» sakonduko dutela zin egiteko.

Chavezen zuzenketak

MUD alderdia kexu da «Chavezek Legebiltzarraren ahalmena mugatu duelako». Batetik, abenduan Kongresuan zuen gehiengoa baliatuz hainbat eta hainbat gai dekretu bidez legeztatzeko eskumena eman zion bere buruari Chavezek. Eta, bestetik, Parlamentuaren saio kopurua gutxitzeko legea onartu zuen, hilean gutxienez zortzi saio egin beharrean lau egiteko.

Hala ere, Ramon Guillermo Aveledo MUDeko burua «pozik» agertu zen atzo Chavezen zuzenketengatik. Abenduan onartu zuenaren kontra, hitz eman zuen atzo Venezuelako presidenteak BEZik ez duela igoko eta unibertsitateko legea geraraziko duela. «Oposizioaren lehen garaipena da, legebiltzarrera sartu aurretik», esan zuen Aveledok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.