Hugo Chavez Venezuelako presidenteak ahalegin berri bat egingo du Konstituzioa aldatu eta agintean denbora luzez egoteko. Chavezek alderdikideei herenegun eskatu zien Konstituzioa aldatzeko lege erreforma berri bat prestatzeko. «Chavez hemen geratuko da! Ziur nago oraingoan lortuko dugula. Zuekin izango nauzue 2021. urtera arte!», adierazi du Venezuelako agintariak. Oposizioak, berriz, Chavezen asmoa «legearen eta Konstituzioaren kontrakoa» dela adierazi du, eta gaineratu du iazko abenduan egindako erreferendumean gertatu bezala herritarrek ez dutela onartuko.
2006ko abenduan Chavezek Venezuelako hauteskunde orokorrak irabazi zituen bigarren aldiz. Hala, 2013a bitarte presidente izango da - 1999ko Konstituzioaren arabera, agintaldiak sei urtekoak dira-. Alabaina, iaz Chavezek Konstituzioa aldatzeko lege erreforma aurkeztu zuen. Proposamenean mugarik gabe presidente izateko aukera jaso zuen. Iragan abenduaren 3an egindako erreferendumean, ordea, atzera bota zuten Venezuelako presidentearen proposamena.
Horrez gainera, azaroaren 23an egindako eskualdeetako hauteskundeetan izandako emaitzek bultzatuta, Chavezek Konstituzioa aldatzeko beste saio bat egitea erabaki du. Agintariak adierazi du erreforma berri bat bultzatuko duela hautatu dituzten oposizioko gobernuburu eta alkateen «jarrera faxistari» aurre egiteko.
Errusiarekin itsas maniobrak
Bestalde, atzo hasi zituzten itsas maniobrak Venezuelak eta Errusiak, Karibe itsasoan. Herenegun lortutako akordioaren arabera, bi herrialdeek droga trafikoa eta terrorismoa saihesteko hainbat proba egingo dituzte. Errusiak lau ontzi erabiliko ditu, eta Venezuelak hamabi. Bestalde, AEBek ez dituzte begi onez ikusi itsas maniobra horiek, eta «gertutik» jarraituko dituztela adierazi dute. Chavez presidenteak, ostera, argitu du maniobra horiekin bi herrialdeek ez dutela probokatzeko asmorik.
Venezuelan berriro hauta dezaten lege erreforma eskatu du Chavezek
Konstituzioa aldatzeko urratsak egiteko eskatu die alderdikideei presidenteak, 2021era arte agintean jarraitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu