Evangelos Venizelos ez da gehiago Greziako Finantza ministroa. Igandean Pasok Alderdi Sozialista Panheleniarreko buru aukeratu zuten —Georgios Papandreu lehen ministro ohiaren lekua betetzeko behar ziren abalak lortu zituen bakarra izan zen—, eta atzo jakinarazi zuen Greziako Gobernuko kide izateari utzi diola, hauteskundeak prestatzeko.
Aurreratu egingo dituzte hauteskundeak Grezian, eta apirilean edo maiatzean deituko dute horietara. Inkesta guztiek Pasok alderdiaren porrota iragartzen dute. Horregatik erabaki du Venizelosek gobernuko ardurak uztea: «Hauteskundeak izango ditugu laster, eta gaur goizean [atzo] Finantza Ministerioko agurreko bileran azken jarraibideak emateko aukera izan dut», esan zuen atzo Venizelosek.
Finantza ministro gisa Greziako zorraren berregituraketan berriki izan duen arduraz gain, sei aldiz izan da ministro Venizelos, Pasok alderdiarekin.
Gaur egun Pasok eta Demokrazia Berria alderdiek agintzen dute, krisiari aurre egiteko eratutako kontzentrazio gobernuan, sozialdemokratak buru direla. Baina hauteskundeetan berriz lehen indarra izateko batere itxaropenik ez dute Pasok alderdian.
Venizelosek berak aitortu zuen igandean, alderdi barruko bozketa amaitu ostean, agintean jarraitzeko aukerarik ez dutela: «Egin ditugun hutsegiteen jabe gara. Badakigu jendea zeinen haserre dagoen». Baina botoa eman zuten Pasokeko 200.000 militanteen parte hartzea goratu zuen artean Finantza ministro zenak: «Pasok hemen dagoela erakutsi nahi izan dute, arima ez duela galdu eta posible dela hauteskundeak irabazteko helburua».
Venizelosek Greziako Gobernua utzi du, Pasok alderdia gidatzeko
Igandean sozialisten buru aukeratu zuten Finantza ministroa, eta hauteskundeetarako prestatu nahi du orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu