Katalunia

Via Laietanan bildu dira manifestariak, Espainiako Poliziaren ordezkaritza aurrean

Bartzelonako kontsulekin biltzekoa zen España Global erakundeko idazkari Irene Lozano, "epaiaren inguruko zalantzak argitzeko". Baina bertan behera utzi du bilera, "denboraleagatik".

Via Laietanako kuartelaren aurrean bildu dira manifestariak. @PICNICXREP
2019ko urriaren 23a
20:43
Entzun

Aurreko egunetan ez bezala, gaur, Pinic per la Republica eta ANCk deitutako protestak Via Laietanan bildu dira, Espainiako Poliziak han duen egoitzan. Gaurkoan ez zaie polizia oldartu elkarretaratutakoei.

Bart deitu zuten protestara, España Globaleko idazkari Irene Lozano Bartzelonako kontsulekin biltzekoa zela jakin zenean. Espainiako Gobernuaren baitako erakundea da España Global, nazioartean estatuaren irudia hobetzea helburu duena. Lozanok berak iragarri zuenez, "epaiaren inguruko zalantzak argitzea" zen bileraren helburua, eta ez "iritziak plazaratzea".

Manifestariak bilera egin behar zuten tokian bildu eta gutxira jakinarazi dute, ordea, batzarra bertan behera utzi dutela. Arrazoi gisa, ez dituzte protestak aipatu, azken orduetan jasaten ari diren denboralea baizik. Erakundeak komunikatu batean azaldu duenez, "oraintxe, Espainiako Gobernuak lehentasun bat du: uholdeei kasu egitea".

Poliziaren egoitza atarian bildutakoek, aldiz, garaipentzat jo dute bilera bertan behera geratu izana, eta "eraikin hau liburutegi bat izango da" oihukatuz ospatu dute erabakia. 14:00ak aldera, ekintza amaituzat eman du ANCk.

Bestalde, unibertsitateko ikasle talde batek Bartzelonako Etorbide Nagusia moztu du arratsaldeko lehen orduan. Ikasleek eserialdi bat egin dute kale nagusia Unibertsitate plazarekin gurutzatzen den gunean.

Gaur iluntzerako elkarretaratze batzuetara deitu du ANCk herri eta hirietako plazetan. Sabadellen, irailaren 23an Guardia Zibilak atxilotu zituenen aldeko elkarretaratze bat egingo dute, polizia operaziotik hilabetera. Bihar, berriz, Hong Kongekiko elkartasun ekitaldi bat egingo dute Txinak Bartzelonan duen kontsulatuaren parean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.