Colectiva Feminista taldearekin elkarlanean aritzen da Victor Mata abokatua. Egunotan, Teresa Riveraren kasua prestatzen ari da. Riverak umekia galdu zuen haurdunaldiko konplikazioen ondorioz, baina epaitegiek homizidioaz akusatu eta 40 urteko kartzelara zigortu zuten.
Ez al da kontraesana Konstituzioak bizia defendatzea baina, aldi berean, emakumeen bizia arriskuan jartzea umekiaren mesedetan?
Bai, zalantzarik gabe. Haurdunen kasuan produktua babesten da, zeina, Konstituzioaren arabera, espermatozoidea eta obulua elkartzen diren unetik gizakia den. Soilik egoera muturrera heltzen denean egiten du legeak haurdunaren alde; bitarte guztian, berriz, produktuaren osasuna jartzen da emakumearen gainetik, nahiz eta umekiak bizirik jarraitzeko aukerarik izan ez. Hori gertatzen da umekiak garuna behar bezala garatua ez duenean, umetokitik kanpo kokatua dagoenean edo bihotzeko arazoak dituenean.
Beraz, haurduna hilzorian egon arte itxaronarazten du legeak.
Hori da dugun arazo larriena. Moralki begiratuta, agian egon daitezke interpretazio bat baino gehiago. Baina lege aldetik El Salvadorko Estatuak ez du haurduna babesten arrisku egoera horretan. Hain zuzen, Konstituzioaren aurkakoa delakoan, helegite bat prestatzen ari naiz, babes falta horretan oinarrituta. Arazo horixe aurkitu genuen Beatrizen kasuan. Orduan, Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen ez zegoela abortatzeko arrazoirik, haurdunaren osasuna egonkorra zelako. Baina inork ezin zuen jakin etorkizunean haren osasunak okerrera egingo ote zuenetz. Beatrizek lupusa zuen, eta halakoetan unean uneko egonkortasunak ez du bermatzen etorkizunean osasun arazo larriagoak ez izatea. Beatrizek 27. astera arte itxaron behar izan zuen ebakuntza egiteko, eta gaur oraindik ez dakigu nolako kaltea egin zion itxaronaldi hark. Geroko arrisku hori da Konstituzionalak kontuan hartzen ez duena. Emakumeei hori guztia jasanaraztea tortura da.
Medikuek, emakume batek abortatu duela susmatuz gero, salatu egin behar dute.
Zigor kodeak zehazten du medikuek, delitua egin den susmorik badute, salaketa jarri behar dutela, betiere sekretu profesionalak kontrakoa egitera derrigortzen ez baditu. Baina medikuak beldur dira, eta berehala deitzen diote fiskaltzari. Gizatasun handiagoz jokatuko balute, eta sekretu profesionalari eusteko ausardia handiagoa balute, ez legoke salaketarik. Izango dira, noski, isilean pasatu direnak ere, baina asko dira salatzen dituztenak.
Guk landu izan ditugun kasu guztiak oso antzekoak izan dira. Emakumea erietxera heltzen denean, medikuak ohartzen dira duela gutxi erditu dela, eta Poliziari deitzen diote. Fiskaltza iristen da, eta eskuburdinak jartzen dizkiote, eta haren gurutzebidea hasten da.
Beraz, medikuek aukera egin dezakete?
Kontua ez da aukera egin dezaketela, kontua da benetan eutsi beharko lioketela sekretu profesionalari. Ez bakarrik juramentu hipokratikoari zor diotelako, baita gaixoak haiengan konfiantza duelako ere. Baina salatu eta eurak ere zigortuko dituzten beldur dira, eta hori ere ulertu egin behar da. Ezin ditugu derrigortu emakumeak babestera.
Eta errugabetasun printzipioa?
Hori ere urratu egiten da. Baina hori baino lehen dago ez liratekeela emakumeak auzipetu behar abortatu dutelako. Emakume batek bere medikuari esaten diona sekretua da, lehenik eta behin, eta horrek bien artean geratu behar du. 30 eta 40 urtera zigortutako emakume askoren errugabetasun printzipioa ez da errespetatu; haien aurka erabilitako frogak oso ahulak ziren. Ziurrenik, froga horiek berak atzera botako zituzten beste herrialde batzuetako epaileek. Baina hemen kultura juridikoa eskasa da.
Halakoetan, etengabe aipatzen dira emakumezkoak. Eta gizonak?
Hori da beste arazoa. Gizonak ez dira agertzen ekuazio horretan. Zuzenbidea ez da arduratzen gizonen parte hartzeaz; hori da arau horren beste hutsune bat. Jakin nahi nuke, hala ere, abortuaren aurkako beste legedietan gizonen parte hartzea kontuan hartzen ote duten. Dena den, niri izugarrikeria iruditzen zait gizonei ardurarik ez eskatzea.
Sinesgaitza da ezer egin ez duen emakume bat 40 urteko kartzelara zigortzea eta inork ezer ez egitea.
Gizartea horren aurka ez matxinatzea, hori da sinestezina. Baina hemen bada mendekotasun kultura bat, eta halako gauzak onartu egiten dira. Adibidez, aste batzuk barru aurkeztuko dugu Teresa Riveraren kasua. Hark umekia galdu zuen itomen perinatalaren ondorioz, eta hori haurdunaldian gerta daitezkeen arazoetako bat da. Baina, hala eta guztiz ere, auzitegiek ebatzi zuten berak ito zuela umekia, eta 40 urtera zigortu zuten. Hori guztia perbertsio bat da. El Salvadorko Estatua emakumeen aurka egiten ari da.
Nola uler liteke ezkerreko gobernu batek halako lege bat babestea?
Emakumeen eskubideei dagokienez, ez dago ezkerrik, gizartean oso barneratuta dagoen misoginia patriarkal bat baizik. Eta maiz, ezkerreko sektoreek bultzatzen dute hori gehien. Ikusi besterik ez dago [Ekuadorko presidente Rafael] Correaren jarrera. Hemen El Salvadorren, ezkerra bat dator Elizaren eta eskuinaren jarrerarekin abortuaren gaiari dagokionez. Gurea patriarkatuan oinarritutako kultura bat da, zeina gizarteko sektore guztietan inposatzen den.
Abortuaren kasuan zehazki, atzera egin genuen 1998an, Konstituzioa aldatu zenean. Orduan, Elizak eta talde kontserbadoreek bat egin zuten abortua erabat debekatzeko, eta ezkerrak babestu egin zituen. Orain ere, batzuek kritikatu egiten dute legea. Hala ere, haren aurka egiteko eskatuz gero, aitzakiak jartzen dituzte. Botoak galduko dituzten beldur dira.