ARGENTINA

Videlari 50 urteko kartzela zigorra ezarri diote, haurrak lapurtzeagatik

Bignone diktadurako azken presidentea ere zigortu dute. 

2012ko uztailaren 6a
15:39
Entzun

Jorge Rafael Videla Argentinako diktadoreari 50 urteko kartzela zigorra ezarri dio Argentinako Justiziak, diktadura militarra indarrean zegoenean haurren lapurretak egitea leporatuta. Reynaldo Bignone diktadurako azken presidentea ere zigortu du: hamabost urtera.

Dena dela, ez da haien lehenengo espetxe zigorra. Izan ere, dagoeneko biak zeuden bizi arteko kartzelara zigortuak, boterean egon ziren bitartean gizadiaren aurka buruturiko ekintzengatik.  

Auzitegiko ateetan, ehundaka pertsonek entzun zuten sententziaren irakurketa eta txaloz jaso zuten erabakia. "Errudunei, behingoz, aurpegia ikustea Justizia aurrerantz doalaren seinale da", aitortu dute kaltetuek.

Duela hamabost urte Argentinako Maiatzeko Plazako Amonek Videlaren aurkako salaketa jarri zuten eta epaiketa 2011ko otsailean hasi zen. Horretan hainbat biktimek deklaratu zuten diktadorearen aurka.

Giza erakunde batzuek eginiko estimazioen arabera, 1976tik 1983ra bitartean lapurtu zituzten 105 umek haien nortasuna berreskuratzea lortu dute baina oraindik asko dira argitu gabeko salaketak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.