Lekukoen arabera, leherketa izugarria izan da, eta eraikinaren hiru pisu goitik behera bota ditu. Denbora luzez ke beltza irten eta irten ikusten zen eraikinaren inguruan. Nazio Batuek orain arte egin duten balantzearen arabera, hamazazpi dira, gutxienez, hildakoak eta jende kopuru handia zaurituta eta hondakinen artean harrapatuta dago. Erreskate taldeak zaurituak hondakinen artetik ateratzeko lan gogorra egiten ari direla gaineratu du.
300en bat lagunek lan egiten dute NBEren Bagdadeko egoitzan, eta atentatua gertatu denean haietako gehienak bulegoetan zeuden. Halaber, NBErekin zerikusirik ez duen jende dezente zegoen eztanda gertatu den unean eraikinean, prentsaurreko bat ematen ari baitziren. Langileetako asko eta asko irakiarrak dira. Oraindik argitzeke dago atentatua suizida izan den edo ez.
NBEren aurkako atentatua Bagdaden
Vieira de Mello Nazio Batuen ordezkari berezia hil egin da Bagdaden izandako atentatuaren ondorioz
Vieira de Mello Nazio Batuen ordezkari berezia hil egin da Bagdaden izandako atentatuaren ondorioz. Vieira de Mello hondakinetatik atera dute, baina zaurien larritasunagatik hil egin da. Leherketa Sergio Vieira de Melloren bulegoaren azpi-azpian gertatu da, eta horregatik, atentatuaren helburua diplomatiko brasildarra zela iritzi diote NBEko iturriek. Leherketak kalte izugarriak eragin ditu NBE Nazio Batuen Erakundeak Iraken, Bagdad hiriburuan, duen egoitza nagusian. NBEko iturriek azaldu dutenez, 16:40etan (14:40 Euskal Herrian) kamioi-bonba bat lehertu da Canal Hotelaren atarian, hots, Nazio Batuek egoitza gisa hartua duten erakinaren aurrean. Azken berrien arabera, hamazazpi dira hildakoak eta Benon Sevan, NBEko bulegoetako zuzendaria, ere hondakinen artetik atera dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu