SERBIA

Vucic kontserbadoreak garaipen argia eskuratu du Serbiako hauteskundeetan

Botoen %61,6 lortu du presidentearen SNS alderdiak. Oposizioak boikotera deitu du, eta parte hartzea %50ekoa izan da.

Aleksandar Vucic, SNSren jarraitzaileen aurrean emaitzen balorazioa egiten. ANDREJ CUKIC / EFE
2020ko ekainaren 22a
07:52
Entzun

Aleksandar Vucic Serbiako presidente kontserbadoreak garaipen nabarmena lortu zuen igandean, herrialdeko parlamenturako hauteskundeetan. Botoen %70 zenbatuta, gobernu koalizioa gidatzen duen eta Vucic buru duen SNS Serbiako Alderdi Aurrerakoiak %61,6ko babesa jaso du. Horrek esan nahiko du legebiltzarrean 190 parlamentari inguru izan ditzakeela. Hau da, 250 eserleku dituen ganberaren hiru laurden. 2016ko hauteskundeetan, botoen %48,25 jaso zituen.

Bigarren alderdia SPS Serbiako Alderdi Sozialista izan da; %10,3 boto eskuratu zituen, eta 30 bat eserleku. SNS eta SPS elkarrekin gobernatzen ari dira 2012az geroztik, eta Ana Brnabic sozialistak du lehen ministro kargua 2017tik; hortaz, gobernuko koalizioaren nagusitasuna erabatekoa izango da parlamentu berrian.

Oposizioak apenas izango du ordezkaritzarik; SPAS Serbiako Batasun Abertzaleak botoen %3,6 lortu ditu, eta are pisu txikiagoa izango dute gutxiengo hungariarra, albaniarra eta bosniaka ordezkatzen dituzten alderdiek.

Oposizioko alderdi garrantzitsuenek, berriz, boikoterako deia egin zuten. Serbiarako Aliantza koalizioak ohartarazi zuen boz askeak egitea ezinezkoa izango zela, ustelkeria eta Vucicen autoritarismoa dela medio. Parte hartzea 2016an baino sei puntu baxuagoa izan zen arren,  ez da oposizioak nahi zuen bezalako boikotik izan. Boto emaileen %50ak parte hartu du.

Hauteskundeak apirilaren 26an egitekoak ziren Serbian, baina atzeratu egin zituzten koronabirusagatik. Europan izurria hasi zenetik egin diren lehenbiziko hauteskundeak izan dira.

Vucicek historikotzat jo ditu emaitzak: «Leku guztietan irabazi dugu, baita iraganean inoiz irabazi ez dugun lekuetan ere».

Kosovorekin bilera

Vucic Serbiako presidentea Kosovoko presidente Hashim Thacirekin bilduko da larunbatean, Washingtonen, Etxe Zurian, AEBek gidatutako elkarrizketan. Bilkuratik kanpo gelditu da EB Europako Batasuna, nahiz eta Serbia batasuneko kide bihurtzeko elkarrizketetan ari den Bruselarekin.

Vucic Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin bildu zen joan den astean, eta bilkuraren ostean adierazi zuen ez duela Kosovoren independentzia aitortuko baldin eta trukean EBko kide izateko aukera besterik jasotzen ez badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.