Ez da NBE Nazio Batuen Erakundearekiko zorra duen bakarra, baina Washingtongo gobernuak beste inork baino zulo handiagoa eragin du nazioarteko erakundean. Zehazki, 1.200 milioi dolar (850 milioi euro inguru) inguru zor dizkiote AEB Ameriketako Estatu Batuek. Estatu kide direnen zor denak batuz gero, Washingtonek horren laurdena du oraindik ordaintzeko. Hala ere, Barack Obamaren gobernuak NBErekiko obligazio denak kitatuta dituela dio, eta hortaz, erakundeak eskatzen dizkion milioi horiek denak ez dizkiola ordainduko.
NBEren zenbaki gorriak orain gutxi egin ditu publiko Angela Kane kudeaketarako idazkari nagusi ondokoak. Horren hitzetan, erakundea osatzen duten 192 estatu kideetatik hamahiruk besterik ez dituzte euren diruzko obligazioak bete. Hori dela eta, NBEk 4.100 milioi dolarreko (2.900 milioi euro inguru) zuloa du gaur egun. Joan den urteko amaiera alderako datuekin alderatuz, zorra ia bikoitza da. «Arrazoi askorengatik urtea zaila izaten ari da; gehienen kasuan atzeraldi ekonomikoak zeresan handia izan du», zehaztu du Kanek.
Iazko abenduan NBEren Batzar Nagusiak 2010erako eta 2011rako 3.700 milioi euro inguruko aurrekontuak onartu zituen. Kopuru horretatik kanpo daude bakerako indarren gastuak; horiek finantzatzeko urtean 5.700 milioi euro behar izaten dituzte.
Washingtonek gehien
NBE estatu kideek finantzatzen dute. Biltzar Nagusia arduratzen da bi urtetarako aurrekontuak zehazteaz; halaber, organo horrek du kide bakoitzak egin beharreko ekarpena zehazteko ahalmena ere. Kopurua herrialde bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren arabera ezartzen da. Gaur egun,AEBek dute ekarpen osoaren laurdena egiteko ardura.
Washingtonen ustez, egin beharreko ekarpen horiek denak eginda ditu dagoeneko. NBEk eskatzen dizkionak dira AEBek onartzen ez dituzten zorrak, eta, hortaz, sekula ordainduko ez dituenak.
Washingtonek 850 milioi euro zor dizkio Nazio Batuen Erakundeari
Obamak dio NBEkiko obligazio denak kitatuta dituela eta, beraz, eskatzen diotena ez duela ordainduko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu