Barack Obamak albo batera utzi du Europako ekialdean eraikitzekotan ziren misilen aurkako ezkutua. Iranen armategi nuklearrak ez du proiektu hori beharrezko egiten. Hala ondorioztatu dute AEBek, Teheranek helmen handikoak baino bestelako misilak gehiago dituela jabetu ondotik. Hala ere, ez da behin betiko erabakia ezkutua bertan behera uztearena. «Mehatxua» handituko balitz, izan ere, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea proiektua berreskuratzeko asmotan da. Hala jakinarazi diote izenik eman ez duten hainbat diplomazialari estatubatuarrek The Wall Street Journal egunkariari. Hala eta guztiz ere, hainbeste polemika eragingo ez duen beste proiektu baten alde egingo duela dio Obamak berak. Horrek Errusiaren laguntza izango duelakoan dago, gainera.
«Segurtasuna hobetzeko modurik hoberena arazoei aurre egingo dien sistema bat sortzea izango da. Sistema horrek eraginkorra izan behar du, emaitzak ematen dituen teknologiaduna, eta zentzuzko kostua izango duena». George Bushen asmoen alternatiba gisa sustatuko duen proiektuaren zertzeladak azaltzeko, agerraldi laburra egin zuen atzo presidenteak. Ez zuen askorik zehaztu; aldaketa «nabarmenak» egingo dituztela eta «ikuspuntua ezberdina» dela dagoeneko, besterik ez.
Robert Gates AEBetako Defentsa idazkariak, berriz, Gobernuak dituen asmoen inguruan datu gehiago eman ditu: 2015erako Polonian eta Txekian SM-3 misil intertzeptatzaileak jartzea dute buruan; defentsarako sistema berria lurrean nahiz itsasoan zabalduko dute. Misil horiek helmen txikiko eta ertaineko misilei aurre egiteko gai dira; eta Gatesek azaldutakoaren arabera, halako misilak dira egun Mendebaldea «gehien mehatxatzen» dutenak.
Presidente kargua hartu berritan, misilen aurkako ezkutua eraginkorra zen ikertzeko eskatu zion Pentagonoari Obamak. Uztailean aurkeztu zion horrek agindutako txostena; hura aztertu, eta, Obamak azaldu duenez, ahots batez onartu zuten proiektuari «aldaketa drastikoak» egin behar zitzaizkiola. Horregatik erabaki dute, oraingoz, Bushen proiektua bertan behera uztea.
AEBak vs Errusia
AEBek arriskutsutzat jotzen dituzten herrialdeengandik babesteko proposatu zuen Bushek misilen aurkako ezkutua eraikitzea; bereziki, Ipar Korearen eta Iranen balizko erasoei aurre egiteko. Horretarako, Txekian misilak detektatuko lituzkeen radar bat jartzea zuen asmo, baita Polonian dozena bat misil-jaurtigailu eraikitzea ere. Negoziazioek luze jo bazuten ere, azkenean Europako ekialdeko bi herrialde horien oniritzia jaso zuen. Bestelakoa izan zen, baina, Errusiaren erantzuna. Ezkutua bere mugetatik gertuegi jarriko zituztela eta, maiz egin zion mehatxu Washingtoni, berak ere misilak zabalduko zituela esanez. AEBen eta Errusiaren arteko harremanak nabarmen okertu zituen auzi horrek. Ez hori bakarrik, EB Europako Batasunean ere eztabaida ugari sortu zituen ezkutuak.
Obamak, bestela, diplomazia lan handia egin du azken hilabeteetan bi herrialdeen arteko harremanak bere onera itzularazteko. Armagabetze nuklearrerako hitzarmenerako negoziazioek eman dute aukera horretarako.
Ez dirudi, dena dela, ezkutua bertan behera uzteko erabakiak Errusia aski gustura utzi duenik. «Hanka sartuko dute estatubatuarrek euren asmoetan atzera egin dutela uste dutenek», adierazi du Dmitri Rogozin Errusiak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean duen enbaxadoreak. Rogozinen iritziz, izan ere, Washingtonek ez du baztertu misilen aurkako ezkutua; proiektua aldatu badu, soilik, itxuran egin duelakoan dago.
«Orain ez dira ari radar bat porlan azpian sartu eta Errusiako mugetatik gertu jartzeari buruz. Ezkutua plataforma mugikorren gainean eraiki nahi dute orain estatubatuarrek; beharrezkotzat jotzen dituzten toki aldaketak egingo dituzte hala». Rogozinena izan da Obamaren erabakiak sortu duen erreakzio kritikoena. Errusiako Atzerri Ministerioak, izan ere, bestela hartu du berria. «Gure interesekin bat datoz Obamaren asmoak», azaldu du ministerio horretako bozeramaile batek. Haatik, Dmitri Medvedev Errusiako presidentearen proposamena erreakzio horien guztien ondotik egin dute publiko: AEBekin lankidetza sustatzeko aukera zabalik utziz, defentsa sistema berrian Europako herrialdeak aintzat hartzeko eskatu dio.
Txekia eta Polonia, zain
Misilen aurkako ezkutua euren lurretan eraikitzeko baimena ematen bazieten, Mendebaldeak beren aliantzako kide egingo zituela uste zuten Poloniak eta Txekiak. Bushen proiektua gauzatuz gero, Errusiarengandik urruntzeko aukera ikusten zuten. Obamaren iragarpenak, horregatik, euren itxaropenak zapuztu ditu. Mirek Topolan Txekiako Errepublikako kontserbadoreen buruaren adierazpenek hori baieztatzen dute: «Azken ehun urteetan ezagutu dugun egoeran uzten gaitu. Ezingo ditugu aliantza sendo batean sustraiak bota, eta horrek, hein batean, arriskuan jartzen gaitu».
Parlamentuko Defentsa eta Segurtasunerako batzordeak, berriz, Errusiari «amore» ematea egotzi dio Obamari; horregatik, Obamaren erabakia «koldarra» dela ondorioztatu du.
NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenen ustez, «urrats garrantzitsua» izan da AEBek egindakoa.
Washingtonek ez du oraingoz misilen aurkako ezkutua eraikiko
Iranek helmen handikoak baino bestelakoak gehiago dituela ondorioztatu eta gero hartu du erabakia Barack Obamak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu