EPP atzotik ari da kongresua egiten Helsinkin, eta gaur goizean bozkatu dute hara bildutako alderdiaren 758 delegatuek. Manfred Weber alemaniarrak botoen %80a bereganatu du, eta Alexander Stubb Finlandiako lehen ministro ohiari, beste hautagaiari, gailendu zaio, erraz.
Weber 46 urtekoa 2004tik da Europako Parlamentuko diputatua, eta popularren burua da ganbera horretan. Aurreikuspenak bete dira bozketan, Weberrek EPPko alderdi nagusien, Alemaniako CDU Batasun Kristau Demokratikoaren, Espainiako PPren, Italiako Forza Italiaren, Frantziako LR Errepublikanoak alderdiaren, eta Hungariako Fideszen babesa baitzuen, besteak beste.
Datorren maiatzaren 26an egingo dituzte Europako hauteskundeak, eta EPPk Weber aukeratu du uneotan oraindik Jean Claude Junckerrek betetzen duen posturako hautagaia izateko. Europako Alderdi Sozialistaren hautagaia, bestetik, Frans Timmermans herberehetarra izango da.