Garbi mintzatu da berriz ere Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroa bere ideologia azaltzeko: "Gure helburua Kataluniako ikasleak espainiartzea da, katalan bezain espainiar senti daitezen, harro". Gobernua hezkuntzan prestatzen ari den erreformaren bidez hori erdiesterik balukete, Werten arabera. Kataluniako ikasleek "bi identitateen arteko oreka" lukete hartara, eta "biak aberastu eta indartu" egingo lirateke.
Francesc Valles PSOEko katalan diputatuak Kongresuan egindako galdera baten ostean mintzatu da Wert. Vallesek, hain zuzen, Hezkuntza Ministerioaren politikak Katalunian independentismoaren hazkundea al dakarren galdetu dio. Ministroak adierazi du Kataluniako hezkuntzako sisteman bertako ikur eta gertaera historiko batzuk puztu egiten dituztela.
Kontra egin dio PSOEko diputatuak: "Jakin beharko zenuke Katalunian ez dela adoktrinatzen, hezi baizik".
Espainiako Estatuan hezkuntza zentralizatzera jo nahi du PPk. Esate batera, Hego Euskal Herriko curriculumaren %65 ezarriko du erreformarekin —gaur egun, %55 agintzen du—. Hezkuntza sistema "homogeneoa" nahi du Wertek, "gutxieneko edukiak bermatzeko".