munDUA

Wikileakseko burua hilaren 14ra arte preso izango dute Londresen, estradizio saioa egin bitartean

Julian Assange gaur goizean atxilotu dute, bere kabuz polizia etxe batera aurkeztu denean. Suediako Fiskaltzak egin zuen hura atzemateko eskaera, abuztuan sexu delitu bat egin zuelakoan, eta estraditatzeko eskatu du. Wikileaksek azken hilabeteetan AEBen segurtasun arloko hainbat dokumentu sekretu argitaratu ditu, eta horretan segituko duela zabaldu dute.

2010eko abenduaren 7a
16:31
Entzun
Julian Assange (Townsville, Australia; 1971) Wikileaks Interneteko atariko sortzailea Londresko kartzela batera eraman dute gaur arratsaldean, goizean atxilotu eta arratsaldean Westminsterko Epaitegira eraman ondotik. Suediak hura estraditatzeko eskaera egina du, abuztuan sexu delitu bat egin zuelakoan, baina euroaginduaren auzi saioa hilaren 14an egingo da eta ordura artean Assangek preso egon beharko du.

Suediako Auzitegi Gorenak abenduaren 2an ez zuen hura atxilotzeko aginduaren aurkako helegitea onartu, euroagindua zabaldu zuten -Interpoleko kide diren 188 herrialdeetan atxilo zezaketen-, eta Erresuma Batuak gaur atzeman du, 9:30ak zirela. Londresko Poliziak atxilotu du.

Assange bere kabuz aurkeztu da polizia etxe batera, eta han atzeman dute. Gaur arratsaldean bertan Londres erdiguneko Westminsterko Epaitegira eraman dute.

Suediako Justiziak bortxaketa, abusu sexual eta hertsapen delituak leporatzen dizkio, eta iragan abuztutik haren bila ibili dira. Assangek behin eta berriz esan du errugabea dela eta Suediako Fiskaltzarena "difamazio kanpaina" dela. Haren abokatu Mark Stephensek "jazarpena" salatu du.

Egunetik egunera AEB Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadetako 251.287 agiri sekretuak biluzten ari da Wikileaks, Irak eta Afganistango gerretakoak-eta. The Guardian-en webguneak eguerdian esan du Wikileaksek dokumentuak argitaratzen segituko duela.

Joan den abuztuaren 20an hasi ziren Assangeren eta Suediako Justiziaren arteko tirabirak. Egun hartan, Suediako Fiskaltzak Wikileaksen sortzailea espetxeratzeko agindua eman zuen, ustezko bortxaketa bat leporatuta. Alabaina, 24 ordu geroago baliogabe utzi zuten akusazioa, eta Assangeren kontrako karguak "sexu jazarpenagatiko delitu txikitzat" jo zituzten. Astebete geroago, Marianne Ny fiskalburuak aurretiazko ikerketa berriz zabaltzeko agindu zuen, ustezko bortxaketa eta abusu delituak aztertzeko. Ikerketaren harira azaro bukaeran Assange kartzelatzeko agindua eman zuen beste behin Ny fiskalburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.