Wikileakseko sortzailea baldintzapean aske uztea erabaki du Erresuma Batuak

Julian Assange ez da espetxetik atera, fiskalak, Suediaren aginduz, erabakiari helegitea jarri diolako

mikel rodriguez
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Astebete espetxean egin ondotik, Wikileaksen sortzaileak handik ateratzeko aukera izanen du, behin-behinean. Julian Assange bermea ordainduta aske uzteko erabakia hartu zuen atzo Westminsterko Auzitegiko (Londres) Howard Liddle epaileak, eta kontrol neurri zorrotzak ezarri dizkio. Assangek Poliziaren esku utzi zuen bere burua hilaren 7an. Epaileak bermea ukatu zion orduan, eta Suediako Fiskaltzaren atxiloketa aginduari jarraituz, espetxean sartu zuen. Oraingoz, ez du kartzela utziko, Londresko fiskalak, Suediakoaren irizpideari jarraiki, helegitea jarri baitio epailearen azken erabakiari. Heldu den urtarrilaren 11n, Assangek berriz agertu beharko du epaitegian, Suediaren estradizio eskaerari aurre egiteko. Bi emakumeri sexu erasoak egitea egotzi diote herrialde horretan.

Espetxea uzteko 240.000 liberako bermea ezarri dio epaileak Assangeri —283.000 euro inguru—. Diru hori bildu eta aske gelditzean, berriz, neurri zorrotzak bete beharko ditu: pasaportea Poliziaren esku utzi beharko du, hainbat orduz etxeratzeko agindua edukiko du eta eskumuturreko elektronikoa erabili beharko du. Erresuma Batuko hedabideen arabera, epaileak bermea ezartzea onartu du, Assangek helbide finko bat jakinarazi diolako oraingoan —Suffolken, Ingalaterrako ekialdean—.

Kartzela uzteko epea, ordea, bermea ezartzeko erabakia hartu den unetik 48 ordu atzera liteke, Assangeren abokatu Mark Stephensek azaldu duenez. Bi arrazoi daude horren gibelean. Alde batetik, bermea eskudirutan ordaindu beharrekoa da, eta kopuru guztia biltzeko denbora beharko dutela adierazi du Stephensek. Hala ere, Wikileaksen sortzailearen abokatuek jakinarazi dute Erresuma Batuko hamar pertson ezagun bermea ordaintzeko laguntzeko prest daudela. Michael Moore AEB Ameriketako Estatu Batuetako zinemagileak, adibidez, 20.000 dolar jarri dituela jakinarazi du bere blogean (14.897 euro).

Bertzalde, Londresko fiskalak paratutako helegitearen tramitazioak iraun bitartean, ezinen du espetxea utzi. Stephensek Suediako Fiskaltzaren jarrera salatu du. «Nire bezeroa espetxean edukitzeko, ez dio xahututakoari begiratuko».

Assangeren agerraldiak ikusmin handia piztu zuen atzo Westminsterko epaitegiko atarian. Ehundik goiti kazetari eta argazkilari zeuden Wikileaksen sortzailea noiz agertuko zain, eta hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten hura aske uztearen alde.

Milioi bat euro urtebetean

Alemaniako Wau Holland Fundazioak milioi bat euro bildu ditu Wikileaksentzat iazko urriaz geroztik. Fundazioko kide Hendrick Fuldak Der Spiegel astekariari adierazi dionez, kopuru horretatik bakarrik 370.000 euro helarazi dizkio oraingoz Wikileaksi, fundazioak «fakturak aurkeztean soilik» ordaintzen baitu.

Fuldak dio, normalean diru laguntza txikiak jaso dituztela, baina Wikileaksek isilpeko agiri gehiago argitaratu dituen heinean «laguntza uholdea» sortu dela. Azken filtrazioekin —AEBen Estatu Departamentuko 250.000 agiri munduko hainbat hedabideren esku utzi ditu Wikileaksek—, adibidez, Paypal bidez astebetean 80.000 euro lortu dituztela jakinarazi du Fuldak. Paypalek, ordea, Visarekin eta Mastercardekin batera, Wikileaksentzako ordainketak blokeatu ditu, eta horrek fundazioaren diru bilketan izango duen eragina «ikusteko» dagoela dio Fuldak. Assangek, berriz, argi du zein den enpresa horien benetako helburua, amak semearen izenean zabaldutako mezuaren arabera: «Orain badakigu Paypal, Visa eta Mastercard AEBetako atzerri politikaren tresnak direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.