Suediako Auzitegi Gorenak ez du onartu Julian Assange atxilotzeko aginduaren aurkako helegitea, azpitik dagoen auzitegi baten erabakia berraztertzeko kasu honetan nahikoa arrazoi ez dagoela erabaki duelako. Wikileaksen sortzailearen abokatu Boern Hurtigek azaldu du Suediaren estradizio eskaerari aurre eginen diola Assangek. Suediako Justiziak bortxaketa, abusu sexual eta hertsapen delituak leporatzen dizkio, eta iragan abuztutik haren bila dabil. Herenegundik, berriz, Interpol Nazioarteko Polizia Erakundea ere haren gibeletik dabil.
Erresuma Batuko prentsaren arabera, Assange herrialde hartan dago gordeta, eta Poliziak non dagoen badakien arren, ez du atxilotu, Suediako Fiskaltzak helarazi beharreko argibideren baten esperoan dagoelako.
Assange atxilotzeko aginduaren aurka altxatu da ahotsik, hala ere. Horietako bat da AEB Ameriketako Estatu Batuetako askatasun zibilen elkartearena (ACLU). Wikileaksen sortzailearen aurkako jazarpena AEBetako Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela uste du ACLUk. «Wikileaksi jazartzea isilpeko agiriak argitaratzen dituzten hedabideei jazartzea bezala litzateke», adierazi du Hina Shamsi ACLUko zuzendariak.
Sekretuak zabaltzen etengabe
Wikileaks egunero ari da sekretuak argitaratzen, bitartean. Bertzeak bertze, Erresuma Batuak bere lurraldean AEBei luku bonbak gordetzen utzi ziola argitaratu da. Erresuma Batuak 2008an sinatu zuen luku bonben kontrako nazioarteko akordioa. Espainiak, berriz, CIAren hegaldi sekretuei ez ziela inolako trabarik jarri diote zabaldutako agiri sekretuek. AEBak, gainera, kezkatuta daude Argentinak Malvina irlen auziarekiko jarrera «aldatu» duelako. Agirien arabera, Malvinen inguruan azken urteetan ezarri diren AEBetako eta Erresuma Batuko petrolio enpresei trabak jarri dizkie Argentinak.
Wikileaksen sortzailea atxilotzearen alde agertu da Suediako Auzitegi Gorena
Assangeren abokatuak adierazi du Suediaren estradizio eskaerari aurre eginen diola; sexu erasoak egotzi dizkiote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu