Canto Quintana de Rooko gobernadore Felix Gonzalezek azaldu zuenez, urakanak penintsulan igaroko duen denboraren erdia besterik ez da igaro oraindik, eta dagoeneko estatuko iparraldeko herrietan «txikizio handiak» eragin dituela zehaztu zuen. Gonzalez Cantok ohartarazi zuenez, urakanak bata bestearen atzetik doazen bost zikloiren indarra dauka: «Ezberdintasun nagusia da asko berandutu dela. Hain mantsoa doanez, ia-ia geldi dagoela dirudi». Wilma-k ildo horretan, inoi ez bezalako «indar suntsitzailea» duela ohartarazi zuen:«Zorionez, oraingoz ez da hildakorik egon, ez eta inoren bizia arriskuan jar dezakeen istripurik ere.Urakana pasa zenean estatuan zeuden turistak aterpetxeetan babestuta daude, salbu». Cozumelen eta Cancunen kalteak eragin zituenean orduko 300 kilometroko indarra zuten haizeak zeramatzan Wilma-k. Ia 72.000 lagun aterarazi zituzten Quintana Roo eta Yucatanetik (hego-ekialdeko bi estatu kaltetuenak). Cancun urez gainezka iratzarri zen atzo goizaldean. Hiriko gune nagusiak urpean utzi zituzten euri jasak izan ziren ostiral gauean. Olatuek bost eta zortzi metro bitarteko garaiera zuten eta kalte handiak eragin zituzten kostaldean.Energia dorre ugari ere bota zituen urakanak. Cozumel, Cancun eta Playa del Carmen argindarrik gabe geratu ziren, besteak beste. Barne Ministerioak larrialdi egoera ezarri zuen 73 herritan. Yucatanen 55 herritan ezarri zuten larrialdi egoera eta Quintana Roon, aldiz, 18tan. Mexikoko Armadak, haizeteek eta etengabeko euriteek eraginda, bertan behera utzi zuenbiztanleak etxeetatik aterarazteko plana. Cancunen biztanleek uko egin zioten auzotik ateratzeari. Kuban 500.000 pertsona baino gehiagoaterarazi zituzten kostaldeko guneetatik eta arrisku handiena izan dezaketen lekuetatik. Ostiralaz geroztik urakanaren gunerik indartsuena iparralderago dagoen arren uhartearen mendebaldean ere zirimolaren indarra nabari dute. Larunbatean, uholdeak eta tornadoak izan ziren bertan. Habanan 520.000 lagun mugiarazi zituzten eta arriskua areagotu ahala, kopuruak gora egingo duela jakinarazi dute. Varadero gune turistiko nagusia ez dutela oraingoz hustuko adierazi zuten hainbat hoteletako iturrik, ez baitago arrisku gehien duten guneen artean. Floridara, bien bitartean, jada urakanaren eragina iritsi da. Yucatanen eragin ondoren bertara abiatuko da orain Wilma. AEB Amerikako Estatu Batuetako agintariek abian jarri zuten biztanleak aterarazteko plana; batez ere, Cayo Hueson eta Florida mendebaldeko kostaldean.
Meteorologoen kezkak
Meteorologoek galdera nagusi bat dute: «Nora joko ote du orain urakanak?». Floridara abiatuko dela baieztatzeko unean guztiak ados daude. Hala ere, ez dakite mendebaldeko zein aldetatik sartuko den eta zein izango den urakanaren indarra. CNN telebista kateko eguraldi iragarle Shad Myersek horrela azaldu zuen: «Lurrean zenbat eta denbora gehiago iraun, orduan eta ahulago iritsiko da Floridara». Katrinaurakanarekin gertatutakoaren ostean, Wilma-ri aurre egiteko hobeto prestatuta daudela jakinarazi zuen ostiralean Washingtonek.
-
Datua
8
Floridan 2004. urteko abuztuaz geroztik jasaten duten zortzigarren urakana izango da Wilma. Herritarrek urakanaren zain jarraitzen zuten atzo. Adituen iragarpenen arabera, astelehenean iritsiko da hara, eta ordurako haren indarra lehenengo mailara jaitsiko da. Katrina eta Rita urakanek eragin zituzten kalteak konpontzen ari dira oraindik.