Wisconsingo gobernadoreak gainditu du karguari eusteko erreferenduma

Langile publikoen eskubide kolektiboak urratzeagatik aurre egin behar izan dio Walkerrek galdeketari

Erredakzioa
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Wisconsingo gobernadore Scott Walkerrek karguan jarraituko du, hori erabakitzeko erreferendumean haren aldeko botoak irabazi duelako. Errepublikanoak estu irabazi du Tom Barrett Milwaukiko alkate eta demokraten hautagaia, baina berriz ere kargurako aukeratu duten lehen gobernadorea da AEBetan, eta hori kolpe mingarria izan da demokratentzat.

Besteak beste, herritarrek politikan ekiteko joeragatik ezagun baita Wisconsin: Occupy Wall Street mugimendua inspiratu zuen protesta jendetsua egin zuten langileen eskubideak aldarrikatzeko, eta Walkerrek langileen eskubide kolektiboak murrizteagatik herritarrek behartutako erreferenduma izan da, legeak eskatzen dituen sinadurak lortuta.

Duela hamasei hilabete, langile publikoen negoziazio kolektibo gogorrak egon ziren; murrizketa izugarriak jasan zituzten, eta langileen eskubideak urratu zituzten. Lanpostu asko gutxitu zituzten, eta baldintzak gogortu, estatuaren gastuak murrizteko. Errepublikanoek esan dute erabakiarekin amaitutzat jotzen dutela inoiz ezagutu duten borrokarik gogorrena. Demokratek, ordea, ez dute errepublikanoen iritzi bera, azaroan estatuko auzitegi nagusiko ordezkarien aldaketa egongo dela agindu dute eta. Langileen salaketa auzitegietan dago.

Demokratak kezkatuta daude, Barack Obamak aise irabazi zuelako 2008an estatu hartan. 1988tik demokraten aldekoa izan da gainera. Dena den, errepublikano gehiago joan dira botoa ematera; ez, ordea, presidenteari botoa eman zioten guztiak. Demokratek hori ondorioztatu dute. Errepublikanoen kanpaina ikusgarriari eta dirudunari leporatu diote arrakasta.

Romneyren kanpaina

Mitt Romney, berriz, ofizialki errepublikanoen hautagaia izateko azken urratsetan dago. Errepublikanoen konbentziorako azken aurreko geltokian, bost estatutako primarioak aise irabazi ditu: Kalifornian, New Jerseyn, New Mexikon, Montanan eta Hego Dakotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.