X jauna eta ondorengoak

Felipe Gonzalezek «azken garaipenera arte» sahararrekin egongo zela esan zuenetik, PSOEk jarrera epela izan du auzian, interes ekonomikoak tarteko, erantzukizun historikoari erreparatu gabe.

Kristina Berasain Tristan.
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Franco azkenetan zegoela gauzatu zen traizioa, eta orduz geroztik dago indarrean herri bati egindako iruzurra, trantsizio luzeak eta balizko demokraziak ez baitute historiako zauriak osatzeko eta justizia egiteko neurriak hartu. Mendebaldeko Sahara Mauritania eta Marokoren eskuetan utzi zuen 1975an Espainiak. Urte hartako azaroaren 14an sinatu zituzten nazioarteko zuzenbidearen arabera legezkotasunik ez duten Madrileko Hirukoen Arteko Akordioak. Felipe Gonzalezek hurrengo urteko egun berean bertan, artean presidente ez zela, alderdi sozialistaren idazkaritza nagusia hartu berritan, historiara pasako den aldarrikapena egin zuen: Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu guneetara egindako bidaian ozen eta sutsu esan zuen «azken garaipenera arte» egongo zela sahararren alboan.

Esaldi hura saharar guztien memorian gelditu zen iltzatuta, itxaropenaren zirrikituetan, baina 1982an agintera iritsi zenean, egindako promesaz ahaztu zen, alderdi sozialistak gerora auziarekiko izango zuen jarrera epelari abiapuntua ezarriz. Egunotan oso agerian gelditu da jarrera hori. Eta giza eskubideak horren modu agerikoan urratzen direnean zuhurtasunean eta neutraltasunean babestea, epela izatea bainoago demagogikoa izatea dela leporatu diote Espainiako Gobernuari. Batez ere gatazkan duen erantzukizunari erreparatuta.

PSOEk alde batera egin du kulunka gatazka gori-gori zegoenean ere. Fronte Polisarioak berak leporatu dio isilik egon izana eta giza eskubideei beharrean bere interesei lehentasuna ematea; alderdiarekin zituen hainbat bilera bertan behera utzi ditu bien arteko harremanak kaltetu egin direla agerian utziz.

Oposizioan errazago

Pribatuan, korridoreetan eta mikrofonoak itxita, gertatutako ozen salatu dute hainbat ministrok. Gobernuak ezarritako ildoarekin berarekin ere kritiko agertu dira eta horrexegatik atera behar izan dute ondoren esatera ez dagoela zatiketarik alderdian, ez daudela bi jarrera auziaren inguruan, ez dutela isilik egoteko iradokizunik egin.

Abagune horretan moralaren eta diplomaziaren arteko oreka ezinezkoari eusten saiatu da azken egunotan Trinidad Jimenez. Espainiako Atzerri ministroak «ondorio larriak» eragin lezakeela eta «gertatutakoaz informazio zehatza» ez zuela argudiatuta uko egin dio jazarpena salatzeari. Marokok Agdaim Izik kanpalekua desegiten eta hamar egunera eman behar izan ditu azalpenak diputatuen aurrean, eta ukatu egin du interes ekonomikoak izatea jazarpena salatu ez izanaren arrazoia.

PSOEk, baina, babesa eta izen ona galdu duela eman dute aditzera hainbat adituk eta auziari emandako tratamendua ondorioak izango dituela hauteskundeetan. Bada salatu duenik ezin izan dutela egin bihotzak agintzen diena, erantzukizunari eman diotela lehentasuna, baina irakurketa horrek ere min egingo die.

Oposizioarenak izan dira kritika gogorrenak. Senatuan alderdi guztiek salatu zuten herenegun jazarpena alderdi sozialista izan ezik. Eta Gaspar Llamazares IU Izquierda Unidako idazkariak ohartarazi du Irak PP Alderdi Popularrarena izan zen moduan Sahara PSOEren Waterloo-a izan daitekeela. Egia da, baina, boterean egon direnean kolore batekoek zein besteko alderdiek ez ikusiarena egin dutela auziarekiko, eta oposizioan aritu direnean defendatu dutela irmoen autodeterminaziorako eskubidea.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Marokoko Gobernuarekin diplomazia «sendo, inteligente eta zentzuzkoa» izan behar dela esateko baina ez da mintzatu. Eta Gobernuko presidentearen hitz horiek agerian utzi dute zein nolako interesak dauden jokoan. Espainiak Marokora 3.663 milioi eurotako esportazioak egin zituen 2008an, eta 2.820 milioi eurokoak izan ziren beste norabidean egindakoak, tartean hondartzetarako area esportatuz.

Sektore guztietako 500 enpresa baino gehiago daude ezarrita herrialdean -Euskal Herriko dozena batek ere ezarri dituzte lantokiak-, eta EB Europako Batasunak Marokorekin hitzartutako arrantza akordioak norbaiti mesede egiten badio Espainiari da: 119 ontzi ari dira arrantzuan eta horietako ehun dira Espainiakoak.

Mendebaldeko Saharari dagokion itsas eremua oso oparoa da, eta orain ari dira akordioa berritzeko negoziazioetan egun indarrean dena martxoan iraungitzen baita. Polisarioak okupazioaren konplize eta subiranotasunaren urratzaile izateari uzteko eskatu dio horren harira EBri. Marokok fosfato meategiak ustiatzen ditu ere, eta gero eta gehiago dira gasa eta petrolioa badaudela ziurtatzen dutenek, eta horrek auzia are gehiago korapilatzea eragin dezake. Armen salmenta da beste diru iturria; Madrilek azken hiru urtetan 340 milioi eurotako arma salerosketak egin dizkio Rabati.

Marokoko 'lobby'-a

Ceuta eta Melilla afera, itsasartea zeharkatu dezaketen immigranteen kopurua, edo gerrillari islamisten borrokan duen leku estrategikoa dira auzian jarrera epela izateko baliatzen diren bestelako argudioak. Maroko egonkorra izatea komeni dela argudiatu baitu Zapaterok. X jaunak berriki emandako elkarrizketa baten amaiera aldean azaldu duen bezala, berak ere etxea egiteko saila ote duen ikusteko dago; Marokoko lobby-ak babes politikoaren truke itsasertzean eskaintzen dituen lur saila horietako bat.

Afrikako azken kolonia jarraituko du izaten bitartean Mendebaldeko Sahara, NBE Nazio Batuen Erakundeak autodeterminazioaren aldeko ehun ebazpen eman baditu ere, eta Christopher Ross bitartekariak egungo statu quo-ari eustea ezinezkoa dela esanbadu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.