Sekulako lurrikara politikoa eragin dute Egipton Auzitegi Konstituzionalak hartu dituen erabakiek. Azken hamar urteetan Hosni Mubaraken agintepean goi karguetan ibilitakoei presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztea debekatzeko lege bat onartu zuen parlamentuak, baina arau hori konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi du auzitegiak; hortaz, Ahmed Xafiq Mubaraken azken lehen ministro izandakoa bigarren itzulian lehiatu ahalko da asteburu honetan. Erabaki horren zalaparta pil-pilean hasi orduko etorri da egoera erabat lehertu duena: Auzitegi Konstituzionalak parlamentua desegiteko agindu du, urte hasieran bukatu zen hauteskunde prozesuan hainbat diputaturen hautaketetan legea urratu zelakoan. Horren emaitza: presidentea hautatzeko bozak hasteko ordu batzukfalta direla, militarrek botere legegilea berreskuratu dute.
Mubaraken aurkako matxinadaren ondotik, iazko otsailean, militarrek hartu zuten boterea, teorian behin-behinean, Egipton demokraziarako trantsizioa bideratzeko. Iazko ekainean, ordea, Junta Militarraren aurkako lehen protesta handiak lehertu ziren, islamistek, ezkertiarrek eta aldaketaren aldeko bertze sektore politikoek erreforma bizkortzea exijitu baitzuten, militarrek boterea lehenbailehen uzteko. Ordutik, maiz lehertu dira protesta bortitzak eskari berberarekin, eta parlamenturako hauteskundeak egiteak ere ez zituen itzali. Presidentetzarako bozekin armada botereari eusteko aitzakiarik gabe geldituko zela uste zuten trantsizioaren aldeko indarrek, baina atzoko erabakiak helduleku irmoa eman die militarrei.
Parlamenturako bozetara diputatuen herenak (166) gizabanakoen zerrenda irekietan aurkeztu ziren. Armadak, botere betearazlea erabiliz, hauteskunde legeari zuzenketa bat aurkeztu zion, gizabanako hautagaiek alderdi politikoak ordezkatzea debekatzeko. Orain, Auzitegi Konstituzionalak dioenez, hainbat diputaturen kasuan arau hori urratu zen. Auzitegiko presidente Farouk Sultanek azaldu duenez, parlamentuak orain arte onartutako legeei eutsi egin beharko diete, aitzinerago atera litezkeen ebazpenek konstituzioaren kontrakotzat joko ez badituzte. Xuraren Kontseiluari ere, parlamentuko gorengo ganberari, eutsi egingo diote, hauteskunde lege berberarekin hautatu zuten arren.
Konstituzio berria airean
Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak argitu ez duena da zer gertatuko den berriki eratu den Batzar Konstituziogilearekin. Organo horrek Egiptoko Konstituzio berria eratzeko ardura du, eta, behin hori eginda, hura onartzeko erreferendumak gauzatuko luke trantsiziorako bideorria. Alderdi islamisten eta sekularren arteko eztabaidagai nagusietakoa izan da batzarraren eraketa. Joan den asteartean eratu zuten, eta hainbat arlotako adituek eta parlamentariek osatzen dute—100 guztira—; islamistek parlamentarien eragina handitu nahi dute batzarrean, parlamentuan gehiengoa dutelako; alderdi sekularretatik egotzi diete konstituzio islamista bat eratu nahi izatea.
Al-Masry al-Youm egunkariaren arabera, Junta Militarrak gaur bertan erabakiko du Batzar Konstituziogilea desegin eta bertze bat sortzea. Armadako iturriak aipatu ditu.
Espero bezala, parlamentuan ordezkaritza zuten alderdi gehienek gogor erantzun diote Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari. Askatasuna eta Justizia Alderdiko buruzagi Mohammed al-Beltaguik «erabateko estatu kolpea» izan dela erran du. Anaia Musulmanek sortutako alderdia da Askatasuna eta Justizia, eta parlamentua deseginda gehien galdu duena dela erran liteke, gehiengo osoa baitzuen bertan. Estatu kolpe horren kronologia ere egin du Al-Beltaguik: «Mubaraki kartzela zigorra jarrita eta Barne Ministerioko sei goi kargudun iraultzan manifestariak hiltzeaz errugabetzat jota hasi zen. Ondoren, Polizia Militarrari zibilak atxilotzeko eskumena eman diote, eta, azkenik, parlamentua desegin dute eta Xafiken hautagaitzari zilegitasuna onartu diote».
Hain zuzen, Junta Militarrak berretsi du atzoko erabakiak goiti-beheiti, presidentetzarako hauteskundeak asteburuan eginen direla. Mohamed el-Baradei Bakearen Nobel saridunaren ustez, konstituziorik eta parlamenturik gabe hautatutako presidenteak «diktadura sistema gogorrenetan ere ez dituen botereak izanen ditu». Armadak eta justizia sistemak ez dute Mubaraken arotik erreformarik jasan. Horregatik, indar politiko gehienek uste dute elkar hartuta erregimena luzatzeko asmoa dutela, Mubarak boteretik kendu arren.
Kargura, matxinada hasita
Kontent agertu dena, noski, Xafik izan da. Auzitegi Konstituzionalak bere hautagaitza baimentzea «historikoa» dela erran du. «Ebazpenaren mezua da kontuak garbitzeko eta estatuaren erakundeak talde zehatz baten alde erabiltzeko garaiak bukatu direla», erran du, Anaia Musulmanei erreferentzia eginez. Bozen lehen itzuliaren ondoren jarri zen indarrean Bakartze Politikorako Legea; horregatik, Mohamed Mursi zen bigarren itzulirako hautagai bakarra, Anaia Musulmanetakoa. Xafiken hautagaitza baimendu eta berehala sortu dira lehen protestak Auzitegi Konstituzionalaren egoitza parean. Mubaraken aurka mobilizatu ziren sektoreentzat are mingarriagoa izan da 70 urteko militar ohiari presidente izateko aukera ematea, jada matxinada hasita zegoenean izendatu baitzuen Mubarakek lehen ministro.
Xafiken hautagaitza baimendu eta parlamentua desegin dute Egipton
Parlamenturako bozetan legea urratu zela ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak, eta Junta Militarrak botere legegilea hartu duMubarakekin goi karguetan aritutakoei hautagai izateko debekua kendu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu