Libia. Gaddafiren ondorena

Xaria kalean dago jada

Ezarriko duten lege islamikoak itxaropena eta kezkak sortu ditu libiarren artean. Emakumeek, sinesgabeek eta amazighek dute xariaren kontrako jarrera nabarmenena.

Herritarrak errezoan, Tripolin, Martirien Plazan, iragan ostiralean. KARLOS ZURUTUZA.
Tripoli
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Xaria Jainkoak agindu bezala bizitzea besterik ez da, gauzarik naturalena musulman ororentzat». Baieztapen sendoa egin du Ibrahim Mashdub imamak Tripoliko alde zaharreko Al Garamaldi meskitan; alabaina, apaizak nekez erantzun diezaieke galdera zehatzei. «Ilea estali beharko dute Libiako emakumeek? Gidatzerik izango al dute? Lapurrari eskuak moztuko al zaizkio?...».

«Horixe da xariaren gaiarekin gertatzen dena gaur egun. Jende guztiak hortaz hitz egiten du, baina inork ez daki zertaz hitz egiten ari den», kexu da Uail Mohammed tripoliar gaztea modako kafetegi batean, Al Garamaldi meskitatik 50 metrora, hain zuzen. Bera bezalako gazte asko haserre ageri dira erlijioa hartzen ari den lekua dela eta. «Zein xaria mota hautatuko dugu? Pakistangoa? Indonesiakoa? Irangoa, akaso?Inork ez dauka ideiarik ere gai honetaz Libian», dio Mohammedek.

Beste batzuek, baina, oso garbi dute dagoeneko. Omar Muhtar-ek, erreboltarien buruzagi militarrak, kasu: «Libiar guztiok Qatar edo Arabiar Emirerri Batuetako xaria bera nahi dugu. Hark emango liguke gerra ostean behar dugun batasuna», dio Muhtar komandanteak, NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko azken asteotako diskurtso berberari eutsiz. Edonola ere, baliteke Qatarkoa izatea Libiako herritarrek gehien atsegin duten lege islamikoaren bertsioa, Saudi Arabiakoak ez bezala, «irekitasunaren aldeko» kodea baitu: emakumeek gida dezakete eta alkohola neurri batean ere onartu egiten da, esate baterako.

Beste libiar askok, ordea, mesfidantzaz ikusten dute politikaren eta erlijioaren bateratzea. «NTC etengabe ari da esaten konstituzio laiko batek praktika erlijiosoa debekatuko lukeela, eta, aldi berean, prostituzioa babestuko lukeela. Lotsagarria da hori», dio Gargaresh auzoko bere bulegoan Abdulla Zlitanik, Tripoliko abokatu ezagunak. Eta ez dira Zlitani eta haren moduko sinesgabeak estatuaren eta erlijioaren arteko banaketa nahi duten bakarrak. Libiako Amazigh Kongresuko buru Fathi Buzakharrek «musulmantzat» dauka bere burua. Baina, dioenez, amazigh bere herriaren kontrako «beste eraso bat» ekarriko luke xariak Libia berrian. «Politika eta erlijioa banatzea ezinbestekoa da estatu demokratiko bat eraikitzeko, baina, antza, Libiako gobernu berriak ez du horrela pentsatzen», azaldu du Buzakharrek. Oraingoz, buruzagi amazighak ez du begi onez ikusten abuztuan sinatutako konstituzioaren zirriborroa. Hasieratik eskatu arren, bere herria eta hizkuntza ez omen dira aitortu Carta Magna berrian: «Arabiarrak ez izateaz gain, Ibadi islamaren korronteko jarraitzaileak gara amazighok jatorriz. Tamalez, Muammar Gaddafik gure apaiz guztiak akabatu zituen, ibadismoa gure nortasunaren beste ikurretako bat zelako», dio Buzakharrek. Intelektual amazighak argi dauka: «Arabiarrek Persiako Golkotik mendeetan ekarritako arabiar-islamiar ideologiak kalte besterik ez dio egin Libiari».

«Debekatutako» lerroak

Ziurrenik, lege islamikoaren ezarpenaren harira, Libiako emakumeak izango dira kezka handiena dutenak. Oraindik zehaztu ez den arren, ia segurutzat hartzen da Libian xaria indarrean sartuko dela laster. Hala, emakume askok senarra «partekatu» beharko ote duten galdetzen diote euren buruari dagoeneko. Ez da harritzekoa, NTCko buru Mustafa Abduljalilen adierazpenek, poligamiaren legea onartzearen aldekoek, kezka handia piztu berri dute.

«Abduljalil etengabe ari da esaten xaria indarrean sartuko dela —azkeneko aldiz iragan larunbatean egin zuen, EB Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi mandatari Catherine Ashtonen aurrean— , baina erabaki hori herriari besterik ez dagokio, eta ez inork hautatu ez duen Abduljalili», dio Asma Hassan-ek, emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileak. Hark dioenez, xariaren bertsio guztiak Koranaren «interpretazio librean» oinarritzen dira. «Hitzez hitz, Koranak zera dio: badagoela ezkontzea bi, hiru eta baita lau emakumerekin ere, baina jarraian hori ez litzateke justua izango dio. Dirudienez, inork ez du irakurri nahi izan bigarren lerro hori», dio Hassanek.

Horiek hala, hainbat analistak ez dute haustura garbirik ikusten Gaddafiren erregimenaren eta administrazio berriaren arteko. Batetik, gobernu zaharreko kargudun ugari daudelako; bestetik, erlijioak gaur egun ere daukan pisuagatik.

«Jainkoa, Muammar eta Libia» leloari gogotik eutsi zaio Libian azken berrogei urteetan. Bada, Libia hartan ere, estua eta zorrotza zen islamaren praktika. Gaddafik ez zion kasualitatez Liburu berdea izena jarri bere ideologia jasotzen zuen liburuari —berdea islamaren kolorea da—.

Kaosaren beldur

Tunisiako iraultzaren osteko lehen hauteskundeak termometro eta katalizatzaile izan daitezke Libiarako. Urriaren 23an, bozen %40 eskuratu zituen Ennahda Tunisiako koalizio islamistak, eta, hala, garaipen argia lortu zuen. Santiago Alba Rico idazle eta analista madrildarrak azken hamabi urteak eman ditu Tunisian, eta handik helarazi dio BERRIAri bere hausnarketa. «Ziurrenik, islam moderatua dugu aukera bakarra oraingoz, Libiak zibilizazioari eusteko kaosaren erdian. Akatsak akats, Gaddafiren diktadura baino askoz ere aurrerakoiagoa litzateke demokrazia islamiar bat. Gainera, ezinbesteko tresna izango litzateke herrialdean gaur egun dagoen ondoezari aurre egiteko ere», dio Alba Ricok, Libia mendean hartu duten milizia armatuei erreferentzia garbia eginez. «Libiak xaria izan behar duen ala ez bertako herritarrek erabaki behar lukete hauteskundeetan, ez beste inork».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.