TXINA

Xiaopingen ametsa, kolokan

Kristina Berasain Tristan.
2003ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Herrialde Bat, Bi Sistema. Deng Xiaoping buruzagi komunistak asmatutako teoria bitxia, autonomiaren eredu berezia, bakarrenetakoa munduan, duela sei urte ezarri zen Hong Kongen, hain zuzen ere, Erresuma Batuaren koroako perla izandako koloniaren subiranotasuna Txinaren esku gelditu zen mementoan. 1984. urtean sinatu zuten Londresek eta Pekinek Adierazpen Bateratua. Bertan, atzerri eta defentsa politiketan izan ezik, Hong Kongek autonomia izango zuela ezarri zen. 1997. urteko uztailaren 1ean Txinako Herri Errepublikaren baitako SAR Eskualde Administratibo Berezia bilakatu zen uhartea. Aurreko gobernu sistema eta mugak mantentzeaz gain, Txinako sistema sozialista ez zela ezarriko hitzartu zuten. 50 urtetarako akordioa zen. Herrialde Bat, Bi Sistema zen leloa. Xiaopingen ametsa gauzatua zen.

Gaur, Txinako Alderdi Komunistako buruzagi izandako Xiaopingek herrialdeko lehen ministro kargua berriro hartu zuenetik 26 urte betetzen diren honetan, bere ametsa kolokan dago. Eskualde Administratibo Berezia sei urtetan izan duen krisialdi larrienean da. Protestak etengabeak dira, eskumenen murrizketa salatu dute herritarrek eta eskualdeko gobernuaren autonomia Txinaren menpe jartzeko ahalegin sotila ikusten dute askok indarrean jarri nahi den Sedizio eta Subertsioaren Kontrako Legean. Tartean, bi ministrok beren karguan utzi dituzte Hong Kongeko Gobernuan.

Hong Kongeko egoera ekonomikoak ez ditu laguntzen krisialdiatik ateratzeko egin diren ahalegin apurrak. Koroako perla izenez ezaguna izan bazen ere, kolonia izateari utzi zionetik hiru krisi ekonomiko izan ditu.

Sei milioitik gora biztanle dituen uhartean langabezia tasa %8,6koa da, inoizko handiena.

Enpresaburuak ere kexuka daude, eta Shangai finantza hiri gisa hartzen ari den nagusitasuna ikusita, kezkatuta daude. Hong Kongen lehiakortasuna moteltzen ari da, haien ustez.

Askatasunen eta eskumenen murrizketa

Alta, Sedizio eta Subertsioaren Kontrako Legearen 23. artikuluan dago krisialdia piztu duen giltza. Txinako nazioaren aurkako krimenak zigortzea du helburu, baina horren atzean eskualdearen eskumenak eta askatasuna murrizteko asmoa dagoela salatu dute herritarrek. Legea Pekinen ekimena den susmoa dute, eta, ondorioz, Hong Kongeko gobernua Txinaren esanetara dagoela agerian gelditu da, herritarren ustez. Nolabait, autonomia galtzeko arriskua ikusten ari dira.

Legea ezartzen bada, prentsa askatasuna murrizteko aukera izango da eta, ildo horretan, Pekinekin kritikoak diren egunkarien etorkizuna zalantzan dago. Tartean South China Morning Post egunkari independentearena.

Herritarren protestak etengabeak izan dira hilabete honetan, eta Hong Kongen piztu den demokraziarako aldarria herrialdearen beste eskualdeetara zabaltzearen beldur da orain Txina. Gobernuaren menpe daudenegunkariek ez dute esan Hong Kongeko manifestazioen inguruko hitz bakar bat ere, eta protestak isilarazten saiatu dira.

Ildo horretan, SARen zuen ordezkaria ordezkatu du Txinako Gobernuak. Alta, babes osoa eman dio Hong Kongeko gobernuburu Tung-Che-hwari. Erabaki horren atzean Txinako Gobernuak duen nagusitasuna ezkutatzeko asmoa ikusi dute askok. Txinako Atzerri bozeramaile Kong Quanek duda horiek argitu nahi izan ditu , ordea, eta zera adierazi du: «Hong Kongeko herritarrek gobernatzen dute Hong Kong».

Halaber, Hong Kongeko SAR Eskualde Administratibo Bereziaren baitan piztu den krisialdiak Taiwanekin dituen asmoei kalte egingo den beldur da Txina. Herrialde Bat, Bi Sistema teoria ezarri nahi du Taiwanen Txinak, bertako agintariek «iruzurra» dela esan badute ere.

Hauteskundeen promesa egin du Pekinek

Orain, Pekingo gobernuak hainbat erreforma demokratiko abiatzeko asmoa erakutsi eta, era berean, 2007. urtean hauteskundeak egiteko promesa egin du historian aurreneko hauteskundeak lirateke. Txinako Herri Asanblea Nazionalak hartu beharko du erabaki hori, ordea.

PROTESTAK

Tiananmengo hilketen protestak gogoan





Tiananmengo hilketen ondoren (1989. urtean), Hong Kongen inoiz izan diren protesta jendetsuenak egin dira hilabete honen baitan. Orduan milioi bat pertsona irten ziren kalera demokrazia hitza ahotan zutela. Oraingoan milioi erdi pertsona atera dira hiriburuko kaleetara, demokraziaren aldeko leloak oihukatzera. Aurreneko manifestazioa hilaren 1ean izan zen. Hong Kongeko SAR Eskualde Administratibo Bereziko Gobernua Txinaren menpe dagoela salatu zuten manifestariek. Tung-Che-hwa gobernuburuaren dimisioa ere eskatu zuten. Protestaldia ez zen bakarra izan, ordea; izan ere, hilabete honetan beste bi egin dira; hain zuzen ere, uztailaren 9an eta 13an egin zituzten protestak berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.