IRAKEN OKUPAZIOA

Xiitek ehundik gora sunita hil dituzte, mezkitaren aurkako erasoaren mendeku moduan

Suniten alderdi nagusiak bertan behera utzi ditu koalizio gobernua osatzeko negoziazioak

Kristina Berasain Tristan.
2006ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Al Askari santutegia suntsitu izana ez diete barkatu sunitei. Samarrako urre koloreko mezkita sakratua zen xiitentzat. Ali al Hadi imamaren mausoleoa zegoen bertan. Xiitentzat munduko hamabi mausoleo sakratuen artean zegoen. Mahomaren ondorengoak izan ziren imamen gorpuak zeuden bertan lurperatuta. Herenegun lehergailuak zartarazi eta erabat suntsituta gelditu zen mezkita. Urre koloreko kupula barne. Mendeku modura, ehun sunita baino gehiago hil zituzten xiitek. Poliziek ehun gorpu baino gehiago aurkitu zituzten atzo eta herenegun Iraken. Buruan tiro bat zuten gorpu guztiek. Bagdadeko auzoetan 58 hilotz baino gehiago aurkitu zituzten. Al Nahrauan hirira doan errepidean, berriz, beste 47 gorpu aurkitu zituzten. Basoran hamaika preso sunita hil zituzten.

Xiiten mendekua, baina, haratago joan zen, eta suniten mezkiten kontra eraso ugari egin zituzten. Orotara, 171 mezkitari baino gehiago eraso zieten. Suniten eta xiiten artean gerra zibila has daitekeela ohartarazten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Hala, Irakeko Gobernuak etxeratze agindua ezarri zuen atzo Bagdaden eta Samarran.Samarratik hamar kilometrora kazetari bat eta bi kamerari irakiar hilda agertu ziren. Al Arabia telebista arabiarrarentzat lan egiten zuten. Samarrako santutegiaren erasoaren berri eman ondoren etxerako bidean ziren bahitu zituztenean. Al Dur herrian bahitu zituzten herenegun, eta atzo hilda agertu ziren.

Lasaitasunerako deia

Irakeko Gobernuak lasaitasunerako deia egin zien irakiarrei etaorain batasun nazionala sendotu egin behar dela adierazi zuen. Jalal Talabani jarduneko presidente kurduak gerra zibila pizteko arriskua dagoela ohartarazi zuen. Hala, bada, agintariak sinesmen guztietako ordezkariekin biltzeko asmoa agertu zuen. Samarrako erasoa komunitateen arteko gorrotoa sustatzeko asmoarekin egin zutela salatu zuen Talabanik. Ali al Hadi imamaren santutegia lehenbailehen berreraikiko dutela hitzeman zuen agintariak. Gune sakratuetan segurtasun neurriak indartu dituztela ere jakinarazi zuen.

Irakeko Alderdi Islamikoak alderdi sunita nagusia bertan behera utzi zituen atzo xiitekin koalizio gobernua osatzeko egiten ari ziren negoziazioak. Jalal Talabani jarduneko presidente kurduak alderdi guztietako ordezkariekin egitekoa zuen bilera ere bertan behera gelditu zen. Rachid al Azaui eledunak esan zuenez, alderdi xiitek suniten kontrako erasoaldia salatu ezean ez dute bilera bakar batean ere parte hartuko. Tarek Hatxemi idazkari nagusiak alderdi xiitei leporatu zien erasoaldia sustatzea: Irakeko Aliantza Batuarekiko konfiantza nabarmen jaitsi da gertatzen ari zaigunaren atzean dagoela jakin ondoren».Ulemen Batzordeak ere negoziazioak boikotatzeko deia egin zuen. Abdesalam al Kubeisi ulemen bozeramaileak agintari xiita erlijiosoei leporatu zien erasoaldia eta hildako suniten artean hamar erlijioso zeudela jakinarazi zuen. Ali al Sistani aiatola xiitak mezkitaren erasoaren harira protesta egiteko deia egin zien bere jarraitzaileei.

Erresistentziaren erasoak

Erresistentziaren erasoek ez zuten etenik izan. Bakuban, errepide bazterrean zegoen gurdi batean, bonba bat leherrarazi eta hamasei pertsona hil eta beste hogei zauritu ziren. Irakeko Armadako zortzi soldadu zeuden hildakoen artean.

Ameriketako Estatu Batuetako Armadako zazpi soldadu hil ziren, bestetik, erasoetan. Hauia hirian soldaduen autoaren kontra lehergailu bat zartarazi eta lau soldadu hil ziren. Balad iparraldean, berriz, beste hiru soldadu hil ziren euren autoan bonba bat lehertuta.

ERREAKZIOAK



 

Iran: «Sionisten eta okupatzaileen ondorioa izan da»





AEBei eta Israeli leporatu zien herenegungo erasoa Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek: «Ekintza hauek galtzaile atera diren sionista eta okupatzaileen ondorioa izan da. Gure emozioen kontra egiten saiatu dira, baina jakin ezazue ez zaretela nazio musulmanen gorrototik libratuko». Milaka pertsonaren aurrean egin zituen adierazpenok Ahmadinejadek. «Islamaren aurrean porrok egin dutenek euren amorrua ekintza ikaragarrien bidez bideratzen ari dira». Okupazioaren eta hegemoniaren porrota agerian gelditu dela gaineratu zuen. Gerra zibila sustatu nahi izatea leporatu zien, era berean, presidenteak.

Etxe Zuriak eta Europako Batasunak santutegiari egindako erasoa gaitzetsi eta lasaitasunerako deia egin zuten. Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek, berriz, erasoen atzean nor egon zitekeen esan zuen. Al Kaeda susmagarria dela adierazi zuen. «Ikerketa baten emaitzen zain gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.