Bonneko konferentzian nazioarteko aliatuek Afganistango Estatua 2024ra arte finantzatuko dutela erabaki eta 24 ordu igaro ez direla, azkenaldiko atentaturik odoltsuena izan da Kabulen. Hildako kopuruak ez ezik —Poliziaren arabera gutxienez 58 izan dira—, erasoaren helburuak deitu du gobernuaren, nazioarteko indarren eta hedabideen arreta, xiitak izan baitira jomuga. Izan ere, Afganistanen ez dira ohikoak islamaren bi adarren arteko borrokak, xiiten eta suniten artekoak alegia, inguruko bertze hainbat herrialdetan ez bezala —Iraken eta Pakistanen bereziki—. Horren adierazle, talibanek erasoarekin zerikusia dutela ukatu dute, eta Zabihula Mujahid bozeramaileak erran du «islamaren aurkakoa» eta «ankera» izan dela. Pakistango talde sunita batek hartu du bere gain atentatua. Kalkuluen arabera, Afganistango biztanleen %20 inguru dira xiitak. Erasoaren ondorioz indarkeria sektarioa piztuko den beldur dira agintariak.
Kabulgo Abu Fazal santutegian izan zen erasoa, milaka xiita beren urteko jai handia, Axura, ospatzen ari zirenean. Mohamed Zahir Poliziaren bozeramailearen arabera, ekintzaile suizida bat haien artean nahasi zen, eta gainean zeramatzan lehergailuak zartarazi zituen. Mohammad Bakir Shaikzada Kabulgo xiiten buru erlijiosoak AP agentziari adierazi dio ez duela bere komunitatearen aurkako gisa horretako erasorik oroitzen. «Musulmanok ez dugu eraso hau ahantziko. Musulmanon etsaiek egin dute». Lekukoen arabera, santutegiaren inguruan txikizio handia egin zuen bonbak, eta biktimen gorputz zatiak barreiatuta gelditu ziren.
Lau hildako Mazar-i-Sharifen
Hamid Karzai presidenteak ere aurrekari arriskutsutzat hartu du xiiten aurkako erasoa. «Lehenbiziko aldia da Afganistanen hain garrantzitsua den jaiegunean izaera ikaragarri horretako terrorismoa agertu dela». Talibanen buruzagi Mohamed Omar mulari erasoa gaitzesteko exijitu dio —2001eko inbasiotik ihesean da Omar—. Mujahid miliziako bozeramaileak, baina, atentatua gaitzetsi du, eta «Emirerri Islamikoaren» izenean —talibanek Afganistanen agindu zutenean estatuari eman zioten izena— «atsekabea» agertu du.
Kabulgoa ez zen atzoko eraso bakarra izan, gainera. Iparraldean, Mazar-i-Sharif hirian, bizikleta bati atxikitako lehergailu bat zartarazi zuten xiiten prozesio bat pasatzerakoan, eta gutxienez lau lagun hil zituzten.
Afganistango AIP agentziaren arabera, Pakistango Lashkar-e-Jhangvi al Almi taldeak hartu ditu bere gain erasoak, Pakistango hedabideetara egindako telefono dei batzuen bidez. The Guardian-en arabera, Lashkar-e-Jhangvi al Almik talibanen aroan (1996-2001) entrenamendu baseak zituen Afganistanen; hala ere, azken urteetan ez du ekintzarik egin herrialde horretan. Pakistanen, baina, xiiten aurkako eraso handiak bere gain hartu ditu: iragan irailean Balutxistanen autobus batean zihoazen erromesen aurka egindakoa —29 lagun hil zituzten—, eta 2009ko Axura egunean Karachin prozesio baten aurka egindakoa —30 lagun hil zituzten—.
Talibanak eta Pakistan
Afganistango Gobernuak eta nazioarteko aliatuek ez dute talibanen erantzukizuna erabat baztertu, indarkeria sektarioa sustatuz Karzairen agintea are gehiago ahuldu nahi dutelakoan baitaude. Dena den, erasoaren izaera ez dator bat talibanen diskurtsoarekin, atzerriko tropen aurkako batasuna baitute aldarri. Horregatik, begi gehienak Pakistani begira daude, eta horrek are gehiago gaiztotu dezake Kabulek eta AEBek Islamabadekin duten harremana. Harreman txarraren seinale, Pakistanek uko egin zion Bonneko konferentzian egoteari. Karzai Afganistango presidentea, berriz, Bonnen egon ondoren Berlinen izan zen atzo. Elkarlanerako ituna sinatu zuen Alemaniarekin: prestaketa militar eta heziketa profesionalaren truke, Afganistango lehengaiak ustiatzeko eskumena izanen du Berlinek.
Xiiten aurkako erasoetan gutxienez 62 lagun hil dituzte Afganistanen
Kabulen izan da atentatu gogorrena: 58 pertsona hil dira hor; indarkeria sektarioa piztuko den beldur da gobernuaTalibanek erasoak gaitzetsi, eta «islamaren aurkakoak» izan direla adierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu