IRAKEKO OKUPAZIOA

Xiiten eta suniten arteko indarkeria gutxitzeko neurriak indartu dituzte

Bagdaden 25 gorpu aurkitu dituzte; Bakuban, berriz, sendi xiita bateko hamaika kide hil dituzte tirokatuta

Kristina Berasain Tristan.
2006ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Irakeko lau eskualdetan etxeratze-agindua ezarri zuten atzo: Bagdaden, Babelen, Dialan eta Salahedinen eskualde horietan guztietan sunitak eta xiitak bizi dira. Bihar arte egongo da indarrean neurria. Bagdad hiriburuan, berriz, ezin izango da gaur autoan ibili. Sadun al Duleimi Defentsa ministroak iragarri zuen neurria: «Auto bakar bat ere ezin izango da sartu edo atera».Bagdadera hainbat bonba-auto sartzeko asmoaren berri ematen zuen informazioa eskuratu zutela zehaztu zuen. Xiiten eta suniten artean aste honetan piztu den indarkeria gutxitzea da neurri horien xedea. Herrialdea salbuespen egoeran dagoela eta horrek etxeratze-agindua luzatzea eragin duela adierazi zuen Gobernuak. Atzo etxeratze-agindua ezarri zuten eskualdeetan indarkeria gutxitu zela adierazi zuten agintariek. Indarkeria sektarioa, dena den, bere horretan da.

Bestalde, Bagdaden hogeita bost pertsonaren gorpuak aurkitu zituzten atzo. Goizaldean aurkitu zuten aurreneko hilotza eta egunak aurrera egin ahala aurkitu zituzten besteak, hiriburuko zenbait auzotan. Tartean segurtasun indarretako hamalau kideren gorpuak zeuden. Mezkitetan segurtasuna bermatzeaz arduratzen diren indarretako kideak ziren. Poliziako Salam Jatab kapitainak mezkita sunita baten aurrean zeudela adierazi zuen. Hiriburuan bonba-auto bat leherrarazi eta hainbat soldadu irakiar hil ziren. Al Arabia telebistako kazetari baten aldeko hileta elizkizunean zeuden soldaduak. Atuar Bahgat kazetaria ostegunean aurkitu zuten hilda; bezperan bahitu egin zuten. Samarran izan zen asteazkenean lanean, hain zuzen ere, bertako mezkitan bonba bat leherrarazi zuten egunean.Bakuba hegoaldeko herrixka batean, berriz, familia xiita bateko hamaika kide hil zituzten tiroz. Kadhem al Angariren etxeangizon armatuak sartu ziren eta sendiko kide guztiak hil zituzten. Poliziako Jalil Maze kapitainak hildakoen artean emakumeak zeudela zehaztu zuen.Kerbalan, berriz, bonba-auto bat leherrarazi eta gutxienez sei pertsona hil eta beste hogeita bost zauritu ziren. Merkatu baten aurrean zartarazi zuten autoa. Poliziak ustez erasoa egin zuena atxilotu zuen.

Kontraesanak

Samarrako mezkitan iragan asteazkenean izandako leherketak xiiten haserrea eragin du. Defentsa ministroaren arabera, orotara, 119 pertsonaren heriotza eragin du egunotako indarkeriak. Xiitek, berriz, 61 mezkita sunitari eraso dietela jakinarazi zuen Al Duleimik. Ulema Musulmanen Batzordeak, alta, bestelako datuak eman zituen. Indarkeria aldiak berrehun hildako baino gehiago eragin dituela eta erasotako santutegiak, berriz, 180 direla adierazi zuen.

Ulema Musulmanen Batzordeko buruzagi Harez al Dariren etxeari eraso zioten atzo. Gizon armatuz osatutako talde batek haren etxea tirokatu zuten. Lekukoek aditzera eman zutenez, hamar autotan iritsi ziren gizon armatuak. Al Darik talde xiitei eta segurtasun indarrei leporatu zien erasoa: «Gobernuko indarrak dira nire etxearen kanpoaldean daudenak. Gertatzen ari dena da alde batek besteari gerra zibila deklaratu diola». Egoera okertuko lukeen mezurik ez zabaltzeko eskatu zien atzo Defentsa ministroak buruzagi erlijiosoei: «Erlijioen arteko gatazka sustatzen dutenak atxilotu egingo ditugu, indarkeriari aurre egiteko indarrean dagoen legea aintzat hartuz». Gobernuak indarkeria murrizteko hartu dituen neurriak sostengatzea eskatu zien, era berean, Al Duleimik.

Suniten baldintzak

Irakeko Akordioaren Fronteak alderdi suniten koalizio handiena alderdi xiitekin negoziazioak bertan behera uzteko erabakia berriz aztertzeko borondatea agertu zuen. Ibrahim al Jaafari lehen ministroak indarkeria gutxitzeko agindutako neurriak betetzea da jarri zuen baldintza. Samarrako mezkita eta gerora xiitek erasotako dozenaka mezkita sunitak berreraikiko zituela agindu zuen Al Jaafarik. Egunotan gertatu dena ikertzeko, adituz osatutako batzorde bat eratu zuen lehen ministroak. Al Jaafariren hitzetan keinu positiboak ikusi dituztela adierazi zuten buruzagi sunitek: «Prozesu politikoan parte hartzeko eta gobernua eratzeko negoziazioekin aurrera segitu nahi dugu, betiere gure eskaerak betetzen badira, zilegiak baitira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.