Irak

Xiiten tenplu nagusietako bat eztandarazi dute Iraken

Lehergailu handi bat eztandarazi dute Irakeko Samarra hirian, Ali Al Hadiren santutegian; hau da, xiiten hamabi iman santuetako baten tenpluan. Leherketak ez du inor zauritu, baina kalte handiak egin dizkio tenpluari: bestea beste, urre koloreko kupula suntsitu du. Irakeko musulman xiitek —gehiengoa dira— haserre hartu dute erasoa, eta protestak egiten ari dira hainbat tokitan. Ali Al Sistani ayatolak, Irakeko xiiten buruzagi nagusiak, lasaitasunerako deia egin du, baina oso protesta bortitzak lehertu dira. Besteak beste, sei herritar sunita hil dituzte Bagdaden.

2006ko otsailaren 22a
16:40
Entzun
Hil dituzten sei sunitetatik hiru beste hainbeste meskitatako imanak ziren, eta beste hirurak, berriz, fededun arruntak. Gutxienez imanetako bat tiroka hil dute. Era beran, gutxienez bederatzi meskita sunita erre dituzte.

Mundu osoko musulman xiiten tenplu nagusienetako bat Samarran eraso diotena; horregatik, atentatuak sumindura handia eragin du Irakeko xiiten artean. Kalera atera dira protestan, eta istiluak gertatzeko arriskuarekin kezkatuta, lasaitasunerako deia egin du Ali Al Sistani ayatolak Irakeko xiiten buruzagiak. "Irakeko herritarriei eta mundu guztiko musulmanei krimen hau gaitzesteko eta beren protesta bide baketsuetatik adierazteko deia egiten die Ali Al Sistanik", agertu dute haren bulegoko iturriek.

Kalera atera diren xiitek atentatuen egileen, AEBen eta Irakeko Gobernuaren aurkako leloak oihukatu dituzte. AEBei eta Irakeko Gobernuari santutegi xiitak behar bezala ez babestea egozten diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.