Xinjiango eskualde autonomoaren egoera erabat lasaia dela. Txinako Gobernuak mezu hori zabaldu nahi izan du han piztutako protesten bigarren urteurrena betetzen denean. Uigur etniako herritarrak erruz atera ziren kalera eta, protestak isilarazte aldera, erabateko jazarpena baliatu zuen Pekinek. Egungo egoera, hala ere, egonkorra dela adierazi du Gobernuak. Hong Lei Atzerri Ministerioko bozeramaileak zehaztu du talde etniko guztiak «armonian» bizi direla gaur egun eta ekonomia bide onean garatzen ari dela.
Xinjiangen 2009ko uztailean piztu ziren protestei ere erreferentzia egin die politikariak, baina eufemismo bat baliatu du horretarako, izan ere, protestak edo matxinadak izan zirela aipatu beharrean, «gertaera» bat izan zela adierazi du. Uigurren kontra, baina, gogor egin zuen Txinak. Hegoaldeko jostailu lantegi batean lanean ari ziren bi uigurren hilketaren harira piztu ziren protestak. Xinjiangen aspaldiko bazterketa salatzeari ekin zioten orduan, izan ere, nagusi dira eskualde hartan uigurrak; baina protestak piztu eta berehala herrialdean gehiengo diren han etniako kideekin enfrentamenduak hasi ziren.
Jazarpena bere horretan
Txinako Gobernuak ehunka polizia bidali zituen eskualdera eta dozenaka uigur hil zituen. Gutxienez 197 lagun hil zituzten eta 1.700 zauritu zituzten. Atxilotutakoak, berriz, ehunka izan ziren, tartean giza ekintzaileak eta kazetariak. Horietako 25 laguni bizi arteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete. Erbestean dauden ekintzaileen arabera, berriz, hildakoak gehiago izan ziren.
Amnesty International erakundeak protesten bitartean eta ondoren egindako abusuak isilaraztea eta horiek ikertzeko ekimenik hartu ez izana leporatu dio Txinari. Ilham Tohti ekintzaile uigurraren arabera, ekainaren amaiera aldetik gero eta polizia gehiago dago eskualdean, izan ere, protestak berriz piztuko diren beldur da Pekin. Jazarpena bere horretan dela ere esan du.
Xinjiango egoera gaur egun «egonkorra» dela dio Txinako Gobernuak
Bi urte dira uigur etniako kideen protestak piztu zirela; Pekinek 197 lagun hil zituen Urumquin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu