Xinjiango hiriburutik kanpo ere liskarrak izan direla aitortu du Txinak

Agintariek Kashgar hiriko borroketan ez dela biktimarik egon diote; diasporak ehun uigur hil direla salatu du

2009ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Orain artean gertakari bakantzat jotzen zituen Txinako Gobernuak joan den igandean Xinjiang probintziako hiriburuan, Urumqin, izandako liskarrak. Atzo, ordea, Kashgar hirian ere -Urumqitik 1.600 kilometrora- halakoak gertatu zirela aitortu zuen, egun bat geroago izan baziren ere. Hiriko Poliziaren arabera, 200 bat manifestari uigurrek Id Kah mezkitan elkarretaratzea egin nahian, «nahasmenduak» eragin zituzten. Eta indarrez erantzun behar izan zieten. Hala ere, 45 minutuan sakabanatu zituztela eta biktimarik ez zela egon azaldu dute adierazpen ofizialean.

Kontrara,Kashgarko liskarrak hiriburukoak bezain gogorrak izan zirela salatu du uigur diasporak. Munduko Uigurren Kongresuaren arabera, beren etniako ehun lagun hil zituzten han segurtasun indarrek. Urumqin igandean 156 lagun hil zirelajakinarazi du Gobernuak, baina Munduko Uigurren Kongresuko presidenteorde Asgar Canek hildakoak 600 eta 800 artean direla ziurtatu du.

Presidentearen neurriak

Liskar horien guztien neurria ikusita, Hu Jintao presidentea Txinara itzuli zen herenegun, G8koak egunotan Italian egiten ari diren bilera utzita. Xinhua berri agentzia ofizialak jakinarazi duenez, Alderdi Komunistako Komite Zentralarekin bildu zen herrialdera iritsi bezain pronto. Kideei «lehentasuna Xinjiang egonkortzea» dela adierazi eta liskarren arduradunei «zigor zorrotzak» ezartzeko prest agertu zen. Bezperan aurreratu zuen hori Li Zhik, Urumqi hiriburuko Alderdi Komunistakoidazkari nagusiak: erantzuleak hiltzera kondenatzeko aukera aipatu zuen.

Itxura guztien arabera, Alderdi Komunistaren Tibeterako idazkaria izan zeneko politika bera du esku artean Hu Jintaok Xinjiangerako. Egungo presidentea 1988an heldu zen Tibetera. Hilabete hartan bertan hasi ziren tibetarren protestak, eta 1989ko martxorako handia zen Lhasako kaleetako indarkeria. Horren aurrean, Hu Jintaok gerra legea ezarri zuen. Eta protestak sustatu zituztenak atxilotu zituen. Poliziek 40 lagun hil zituzten. Adituen arabera, Tibeten egindakoei esker deitu zuen Hu Jintaok Alderdi Komunistako kide zaharrenen arreta, eta horri esker da Txinako presidente.

Kalteen ordainak

Bertsio ofizialaren arabera, lasaitu dira urak Urumqin; hiriburua militarrez josteak eman ditu fruituak. Hala ere, atzo ere borrokaren bat edo beste izan zela zioten atzerriko kazetariek. Hiriko agintariak, baina, liskarrak erabat amaitutzat eman eta kalteak ordaintzeko prest agertu dira. Jerla Isamudinh alkateak biktimentzat ehun milioi yuanbilduko dituela agindu du (10,4 milioi euro). Hildakoen senideentzat eta borroken ondorioz ezinduta geratu direnentzat izango da diru hori. Baita negozioa suntsitu zietenentzat ere; igande gaueko suteek 200 denda eta bi eraikin suntsitu zituzten.

RSF Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute Ilham Tohti atxilotu egin dutela. Naziotasunen Unibertsiate Zentraleko irakaslea da, uigurra, eta oso kritikoa Txinako erregimenarekin.

Bestalde, egunotan gertatutakoa argitzeko NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari ikerketa bat hasteko eskatuko diola jakinarazi du Turkiak. «Turkiak ezin du halako basakeriaren aurrean besoak uztarturik geratu», esan zuen atzo Recep Tayyip Erdogan presidenteak. Jatorri turkiarra dute uigurrek. «Xinjiangoa nazio barruko kontua da», ohartarazi dio Txinak.

Bestalde, Txinako Atzerri ministroak, Qin Gangek, jakinarazi duenez, Al Kaeda eta «beste zenbait nazioarteko erakunde terroristak» entrenatutako uigurrak izan dira kalera atera direnak. Behin baino gehiagotan aritu da Txinako Gobernua uigurren eta atzerriko talde islamisten arteko balizko loturez. Sobietarrek Afganistan inbaditu berritan (1980), mujaidinek -borrokalari islamistak- trebatze guneak izan zituzten XinjiangoKashgar eta Hotan hirien inguruetan. Hori hala, mujaidinek biztanleengan eragina izan zuten beldur dira Txinako agintariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.