Lluis Maria Xirinacsen gorpua larunbatean aurkitu zuten, Ogassan (Girona, Katalunia), baso batean, bere buruaz beste eginda. Bere bulegoan utzi zuen idatzi batean zein hil eta gero soinean aurkitu zioten beste batean suizidatzeko asmoren berri ematen du, eta "burujabetza" ekintza gisa definitzen du aukera hori. Besteak beste, esklabo izateari utziko diola aldarrikatzen du.
1932an Bartzelonan jaio zen, eta apaiz egin zen 1954an, 22 urte zituela. Kataluniaren independentziaren aldeko borroka, frankismoaren ete errepresioaren kontrakoa, eta Elizaren eta Estatuaren banaketaren aldekoa izan ziren beren bizimoduaren ardatzak. Gandhiren jarraitzailetzat zeukan bere burua, eta, ondorioz, indarkeriarik gabeko ekintzak egin ohi zituen, desobedientziaren ildokoak.
60ko eta 70eko hamarkadetan sei bat gose greba egin zituen, besteak beste, Elizaren eta Estatuaren bereziketa eskatzeko baraualdi luze bat. Frankismo garaian bi aldiz espetxeratu zuten, 1972an eta 1974an. 1977an Espainian Amnistiaren Legea onartu arte protestea berezia egin zuen Bartzelonako Modelo espetxearen atarian: urte eta bederatzi hilabetez egunero 12 orduz zutik egon zen kartzela aurrean, beste bizpahiru lagunekin.
Ekintza horiengatik 70eko hamarkadan hiru aldiz proposatu zuten Bakearen Nobel saridun izateko.
1977ko hauteskundeetan Espainiako Senaturako hautagaitza aurkeztu zuen, eta aukeratua izan zen. 1980an politika aktiboa utzi eta Joan Bardina Ikerketa Zentroan hasi zen buru belarri. 1990ean apaiz izateari utzi zion.
2000. urtean beste protesta bat hasi zuen: Bartzelonako Sant Jaume plazan jartzen zen Kataluniaren independentzia eskatzen.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 2 urteko espetxe zigorra ezarri zion 2004an, hain justu, 2002an Euskal Herriarekin zerikusia zuten adierazpen batzuk egiteagatik; bere burua "ETAren eta Batasunaren laguntzat" zeukala adierazi zuen hitzaldi batean. "Gandhik esaten zuen indarkeriaren kontra dagoenak ezin dituela neutraltasunez tratatu gatazka bortitz bateko parteak: erasotzailea da etsaia; erasotua laguna da, nahiz eta indarkeria erabili. Indarkeriaren erabileraren kontra borrokatzen saiatu naiz bizitza guztian. Hala ere, hemen adieraziko dut, eta ozen esango dut poliziaren edo fiskalen batek entzuten ari bada ere: Espainiako Estatuaren etsaia naiz eta ETAren eta Batasunaren laguna".
Esan bezala, Xirinacsek "terrorismoa goratu" zuela iritzi zion Auzitegi Nazionalak eta 2 urteko espetxe zigorra ezarri. Prozesu horretan guztian desobedientzia jarrerari eutsi zion: ez zen epaiketara agertu ez zuelako Madrilera joan eta gazteleraz hitzegin nahi; defentsari uko egin zion; adierazpenak berretsi zituen... 2005eko urriaren 24an atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Hurrengo egunean aske utzi zuten adin handia zeukala iritzita (73 urte zituen).
2004an Kataluniako Udako Unibertsitateak sari bat eman zion.
Heriotza
Xirinacs independentista katalana hil da
Gandhiren jarraitzailea, apaiza eta senadorea izan zen, eta errepresioaren aurkako eta Kataluniaren independentziaren aldeko borroka izan ziren haren bizitzaren ardatzak. 2002an 2 urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak "ETAren eta Batasunaren lagun" zela esateagatik. Bere buruaz beste egin zuen larunbatean, "burujabetza" ekintza batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu