Ekialde Hurbila

Yemen hegoaldeko independentistek uko egin diote autogobernuari

STCk iragarri du onartu egin dituela Saudi Arabiak proposaturiko neurriak eta, hortaz, boterea partekatuko duela Abd Rabu Mansur Hadi buru duen gobernuarekin, iazko Riadeko Akordioan adostu bezala.

Yemen hegoadeko miliziano independentista batzuk, artxiboko irudi batean. NAJEEB ALMAHBOOBI / EFE
ander perez zala
2020ko uztailaren 29a
13:00
Entzun

Yemen hegoaldeko independentistek jakinarazi dute uko egin diotela iragan apirileko aldebakarreko autonomia deklarazioari, eta boterea partekatuko dutela Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen gobernuarekin —nazioarteak onartzen duen gobernua da—, gehienez ere datorren hilabetetik aurrera. Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalak (STC) eta Hadik Riadeko Akordioa sinatu zuten 2019ko azaroan, baina horren edukia ez errespetatzeak eraman zuen STC autogobernua finkatzera; orain, Saudi Arabiak itun hori betetzeko proposatu dituen neurriak aztertu ostean, hegoaldeko independentistek erabaki dute akordioarekin berriz bat egitea.

STC eta Yemengo Gobernua negoziatzen aritu dira hilabeteotan, Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin, eta hizketa horien harira lortu dute azken akordioa. Horren arabera, hilabeteko epean Yemengo lehen ministro Maeen Abdulmalik Saeedek «iparraldea eta hegoaldea ordezkatzen dituen» gobernu partekatu bat osatuko du, eta hegoaldeko independentistek eta gobernuaren aldeko indarrek iragan ekainaren 22an indarrean jarritako su-etena errespetatzen jarraituko dute. Adostasunak, gainera, aurreikusi du hegoaldeko Aden probintziarako beste gobernadore bat aukeratzea: Ahmed Hamed Lamlas STCren idazkari nagusiak hartuko du postu hori.

Erabaki horiez gain, hegoaldeko independentistak eta Adiren gobernua ados jarri dira indar militarrak gerra fronteetara bidaltzeko, bai eta horien tokia segurtasun indarrek hartzeko ere.

Nizar Haitham STCren bozeramailearen arabera, erabakiak helburutzat du «Yemengo ahaleginak elkartzea» matxino huthien aurka, eta Riadeko Akordioa erabat errespetatzea: «Segurtasuna eta egonkortasuna lortu nahi dugu [Yemenen]. Jorratu eta sakondu egingo dugu Iranen esku sartzearen aurka aliantza arabiarrarekin dugun lankidetza estrategikoa, segurtasunean eta arlo politiko, militar eta ekonomikoan». Khalid bin Salman Saudi Arabiako printze eta Defentsa ministrordeak, berriz, uste du adostasun hori lortzea «elkarrizketa serios baterako nahiaren isla» dela.

Hasieran gatazka nazioarteak onartzen duen gobernuaren eta matxino huthien artekoa zen arren, pixkanaka beste hainbat eragile sartu dira gerran, paisaia erabat aldrebestu eta proxy gerra bilakatzeraino.

Kanpoan, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak gobernuaren alde agertu ziren, eta xiiten aurkako frontea osatu zuten; izan ere, huthiek Iranen babesa dute, eta horri esker lortu dute urteotako estrategiari eustea. Ordea, barruan, xiiten kontrako frontea zatitu egin zen 2018an, eta Yemen hegoaldeko milizia independentistek Aden hiria hartu zuten —nazioarteak onarturiko gobernuaren hiriburua—, beste eremu zabal batekin batera. Nazioarteko babesen zatiketa eragin zuen horrek: Arabiar Emirerri Batuak milizien alde agertu ziren, eta Saudi Arabia, gobernuaren alde.

Hegoaldeko independentistek eta nazioarteak onarturiko gobernuak gertakari horien harira adostu zuten, iaz, Riadeko Akordioa, baina, hilabeteotako gertakariek erakutsi dutenez, oraingoz ez da erabat bete itunaren edukia.

Bost urte pasatu dira Saudi Arabia Yemenen eskua sartzen hasi zela, eta orain arte matxino huthiek erakutsi dute gai direla gobernuaren indarrei aurre egiteko. Bi aldeak prest agertu dira su-eten bat adosteko, baina saiakerek ez dute fruiturik eman. 2014tik, 200.000 lagun inguru hil dituzte Yemenen; 3,7 milioi desplazatu zenbatu ditu Nazio Batuen Erakundeak; eta 24,4 milioi herritar laguntza humanitarioaren menpe daude —28 milioi biztanle ditu herrialde horrek—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.