Anuar al Aulaki Al Kaedako ustezko kidea hil dute Yemenen, airetik egindako eraso batean. Yemengo Defentsa Ministerioak eman zuen berria atzo goizean, eta AEB Ameriketako Estatu Batuek baieztatu egin dute. «Al Kaeda garaitzeko gertakari garrantzitsua da hau», adierazi du Barack Obama AEBetako presidenteak. Hala, zerbitzu sekretuen lana goraipatu du. Ofizialki ez dute esan erasoa zeinek egin duen, baina, The New York Times egunkariaren arabera, AEBetako hegazkinak izan dira. Beste hiru lagun ere hil dituzte.
Momentu esanguratsuan gertatu da hilketa, Yemengo herritarrak erregimenaren aurka protestan ari direnean. Hainbat adituren arabera, baliteke orain duen ahultasunari aurre egiteko lagundu diela Yemenek AEBei Al Aulakiren aurkako erasoan. Dena den, Yemeni Post egunkariaren arabera, «gobernuak kritika asko jasoko ditu, batez ere hegoaldean, AEBei Yemengo zibilen aurkako erasoak egiten uzteagatik». Al Aulakiren atzetik bazebilen ere, Yemengo Gobernua hura estraditatzearen aurka agertu izan da Yemengo herritarra izateagatik.
AEBetan jaio zen Al Aulaki duela 41 urte, eta hango nazionalitatea zuen. Haren familia, dena den, Yemengoa zen, eta Al Aulakik zazpi urte zituela hara itzuli ziren. 2006. urtean atxiloturik egon zen, baina 2007an aske utzi zuten, eta klandestinitatean bizi izan da ordutik. Iazko apirilean, CIAren zerrendetan sartu zuten —hura hiltzeko baimena zuen erakundeak—. Duela bi urte ere hil egin zutela adierazi zuen Yemengo Gobernuak, baina gezurtatu egin behar izan zuen geroago. Maiatzean, bizirik atera zen AEBetako hegazkinek egindako eraso batetik.
2009an Texasen hamahiru lagun hil zituen kidearekin sarearen bidez harremanetan jarri izana egozten zioten Al Aulakiri. Horrez gain, iaz AEBetara zihoazen bi hegazkinetan aurkitutako lehergailuak jartzea leporatzen zioten, eta baita hegaldi batean lehergailu bat zartarazten saiatu zen Nigerko gazte bati trebakuntza ematea ere.
Internet bidezko mezuak
Dena den, Al Kaedaren erasoetan parte hartzea baino gehiago, propaganda egitea egozten zioten Al Aulakiri. Ustez, hainbat bideo jarri zituen Interneten Al Kaedaren erasoak goraipatzeko eta jendea «musulmanak ez direnen aurka borroka egitera bultzatzeko». Iaz, Al Aulakiren bideo guztiak YouTube orrialdetik ezabatzeko agindu zuten AEBek.
Al Aulakiren familia nahiko ezaguna da Yemenen. Haren aita Nekazaritza ministroa izandakoa da, eta Ali Mohamed Mujur lehen ministroaren urruneko senitartekoak dira.
Yemenen Al Kaedako ustezko kide bat hil dutela baieztatu dute AEBek
Airetik egin diote eraso Anuar al Aulakiri; ezkutaturik zegoen 2007tik, eta CIAren jomugetako bat zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu