Ali Abdula Sale presidentearen kaleratzea eskatzeko manifestazioa deitu zuten atzokoan Yemengo hiriburuan. Irteera Eguna deitu zioten protestari, presidenteak boterea uztea baitute helburu. Salek, bitartean, bere jarraitzaileak bildu zituen eta «desafio guztiei eusteko» eskatu zien.
Tentsio une handiak bizi izan zituzten atzo Sanan. Oposizioak protesta egiten zuen bitartean Salek indar erakustaldia egin nahi izan baitzuen presidentearen jauregiaren inguruan. Armadak airera tiro egin zuen manifestariak sakabanatzeko.
Hain justu, astea bete zen atzo presidentearen jarraitzaileek oposizioko 52 lagun hil zituztenetik. Frankotiratzaileek eta segurtasun indarrek egin zieten eraso manifestariei. Ordutik larrialdi egoera indarrean dago. Gertakari haren ondorioz armadako militar askok oposizioarekin bat egitea erabaki zuten, tartean Ali Mosen jeneralak.
Sale eta Mosenen akordioa
Salek eta Mosenek bilera egin dute egunotan. Presidentearen inguruko informazio iturrien arabera, biek kargua uztea adostu dute. Trantsizioa gidatuko duen gobernu zibil bat eratzeko ere bat egin dute. Mosenek bere burua salbu ateratzea eskatu duela ere adierazi du Ahmed al Sufi presidentearen prentsa idazkariak. Biak herrialdea uztea jasotzen du akordioak, baina, Mosenen ingurukoen arabera, Salek atzera egin du azken unean eta ez du akordioa sinatu.
Bitartean, «odola isurtzea» saihestu nahi duela dio presidenteak eta horretarako boterea uzteko prest dagoela.Baina, boterea,«esku seguruetan» soilik utziko duela dio, eta ez «ustelkeriak kutsatutako eskuetan».
Bestalde, elkarrizketarako deia egin dio presidenteak oposizioari baina, protestak bertan behera uzteko Salek boterea uztea eskatzen dute. Orain arte presidenteak egin dituen proposamenei ezezkoa eman diete. Baita bozak aurreratzeko proposamenari ere.
Protestak herrialde arabiarretan
Yemenen, boterea uzteko eskatu diote milaka lagunek presidenteari
Sale presidentearen aurkarien eta aldekoen artean tentsioa piztu da oposizioak deitutako Irteera Egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu