Yemengo presidente Ali Abdula Salek eta Ali Mohsen al Ahmar jeneral disidenteak su-etena sinatu dute Sana hiriburuan. Horrez gain, akordioaren arabera, bi aldeak preso hartutako guztiak askatuko dituzte. Dena den, su-etena adostu aurretik zortzi hildako izan dira istiluetan, eta ondoren ere eztanda ugari izan dira Sanan.
Zortzi hildakoetatik bost Taiz hirian izandako istiluetan hil ziren atzo; horietako bat 13 urteko gazte bat zen. Dirudienez, milaka hiritar gobernuaren aurkako manifestazioan zeudela, armadak eraso egin zien. Gainontzeko hildakoak Sanako manifestariak ziren.
Yemengo presidenteorde Abd Rabbu Mansur Hadik prestatu zuen presidentearen eta jeneral disidentearen arteko bilera. Ez da presidenteak sinatzen duen lehen su-etena; aurretik ere egin dituzte saioak, baina laburrak izan dira. Azken su-etena NBEk Yemengoindarkeria kondenatu ondoren adostu zen. Orain ere,NBEko Segurtasun Kontseiluaren erabakia ezagutu eta aldi berean adostu dute su-etena. Kontseiluak eskatu dio presidenteari GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren erabakia errespetatu eta betetzeko.
Behin baino gehiagotan eskatu dio GCCak Saleri gobernua uzteko, baina presidenteak ez du eskaera sinatu nahi izan. Salek adierazi izan duenez, ez du ezer sinatuko Europaren, AEBen eta GCCren barneko herrialdeen bermea lortzen ez duen artean.
Hegazkin istripua
Yemenen lau hildako izan dira armadaren hegazkin istripu batean, eta hiru pertsona larri zauritu dira. Hegazkina lurreratzea zihoala lurra jo zuen, Lahek probintzian. Hildakoak Siriako hiru ingeniari eta Yemengo teknikari bat dira. Urtero gutxienez armadaren bi edo hiru hegazkinek lurra jotzen dute Yemenen.
Herrialde arabiarretako matxinadak
Yemenen eperik gabeko su-etena adostu dute
Zortzi hildako izan dira istiluetan, eta erasoak ez dira eten, bi aldeak presoak askatuko dituztela zin egin arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu