Yemenen hamalau polizia hil dituzte islamistek

Ali Abdula Salehen «aldeko» soldaduak epaituko dituzte, Defentsa Ministerioari eraso egitea leporatuta

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Yemengo Defentsa Ministerioak jakinarazi du hamalau polizia hil dituela ustez Al-Qaedarekin lotutako talde batek. Erasoa Adengo Al Tauahi auzoko zerbitzu sekretuen kuartelaren eta Yemengo telebistaren egoitzaren aurka egin dute eta bi erasotzaile ere hil dira, Poliziaren arabera.

Ekintzaileek telebistako egoitzaren aurrean auto bat gelditu eta su eman diote, eta gero, poliziei granadak jaurti eta tiro egin ostean, egoitzara sartu dira, kuartelari bi aldetatik eraso egin ahal izateko. Zerbitzu sekretuen kuarteleko poliziekin izandako tiroketan bi erasotzaile zendu dira. Lekukoen arabera, erasotzaileek kuartelean lotan zeuden zenbait militar ere hil dituzte. Horrez gain, jaurtigaiak bota dituzte eta eraikinak su hartu du. Segurtasun indarrek Al-Qaeda egin dute atentatuaren erantzule, eta «ongi prestatutako» erasoa izan dela jakinarazi dute.

Soldaduak, auzipetuta

Bestalde, Yemengo Segurtasun Batzorde Goreneko bozeramaile Ali Obaidek jakinarazi du 62 soldadu epaituko dituztela, aste hasieran Defentsa Ministerioaren aurka eraso egitea leporatuta. Obaiden arabera, soldadu horiek Ahmed Ali Abdula Saleh Guardia Errepublikanoko buru eta presidente ohiaren semearen «jarraitzaile leialak» dira.

Abd Rabbu Mansur Hadi presidenteak eskumen militarrak murrizteko hartutako neurrien kontra protesta egiteko, Defentsa Ministerioa hartzen saiatu ziren asteartean Guardia Errepublikanoko 200 bat kide. Yemengo Gobernuak hara soldaduak bidaliz erantzun zien, eta Guardia Errepublikanoaren eta armadako kideen arteko istiluen ondorioz, lau soldadu hil ziren eta hamabost herritar zauritu ziren.

Yemengo presidenteak eskumen militarrak berrantolatzeko dekretu bat aurkeztu zuen joan den astean, eta Guardia Errepublikanoko hainbat unitateren kontrola Presidentetzako Segurtasun Indarren esku utzi zuen. Berrantolaketa Ali Abdula Saleh presidente ohiaren boterea mugatzeko da, eragin handia baitu otsailean kargutik kanporatu zuten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.