Yemenen indarkeria «neurririk gabea» gaitzetsi du NBEk

Zibilentzat giza laguntza sartzen uztea eskatu dio Nazio Batuen Erakundeak Sanako gobernuari

Erredakzioa
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Yemengo gatazka muturreko egoera larriak eragiten ari da: zibilen kontrako indarkeriaz gain, elikagaien eskasia nabarmen ari da handitzen, eta hori dela eta,Nazio Batuen Erakundeak Yemengo Gobernuari dei egin dio «lehenbailehen» egoera aldatzeko urratsak egin ditzan. Lehenik eta behin, «zibilen kontra neurririk gabe erabiltzen duen indarkeria amaitu behar du», eta bereziki, joan den ostegunaz geroztik Taizen hil dituzten hogei lagun baino gehiagoren kasuak ekarri ditu gogora Ravina Shamdasanik erakunde horren giza eskubideen bozeramaileak. «Etsigarria da», haren ustez, gobernuak manifestarien aurka duen jarrera, nahiz eta behin eta berriz hark agindu duen giza eskubideen kontrako ekintzak ikertuko eta zigortuko dituela.

Unicefek eman dituen datuak ere ez dira itxaropentsuak. Taizen bertan hiru haur hil dituztela nabarmendu dute, eta horiekin dagoeneko borroketan hildakoak 138 direla. Zaurituak, berriz, 568, zenbatuak dituztenez. Baina ez hori bakarrik. Etengabeko bonbardaketek eta tiroketek herritarrak etxea uztera behartu dituzte, eta haurrak dira egoera horretan kaltetuenak, ohi bezala. 100.000 ume baino gehiagok ez dute eskolara eta osasun zentroetara joateko aukerarik, haiek suntsituta daudelako edota kalean ibiltzea arriskutsuegia delako.

Jatekoa lortzeko ere arazo handiak daude hainbat lekutan, baina oztopo handiak ditu NBEren erakundeak laguntza iritsarazteko. Bide seguruak jartzea eskatu du zibilei laguntza iristeko, eta behatzaileei sartzen uztea, egoeraren berri eman ahal izateko.

Gobernu berria

Armadaren eta leinuetako kideen artean dago kontrolik gabeko borroka, eta gobernuburuaren aldaketak ez du egoera hobetu. Ali Abdula Salek boterea utzita ere, ez dirudi Mohamed Basinduarenak eraginik izan duenik. Behin-behineko ministroak ziurtatu du, dena den, bi egunean espero duela gobernu berria osaturik egotea, eta ondorioz, indarkeria amaitzen laguntzea. Taizen daude Saleren aldekoak, eta handik erretiratzen ari diren bitartean gertatzen ari dira liskarrak. Bashinduak, Atzerri ministro ohiak, oposizioko alderdiak ordezkatzen ditu, eta Saleren alderdikideekin batera osatuko du gobernua.

Joan den astean Bashinduak ohartarazi zuen Taizko indarkeriaren amaierak ekarriko zuela gobernuaren osaketa, baina alderantzizko egoeran ezingo zela aurrera egin. Taizen, ordea, bi aldeen arteko borrokek ez dirudite gelditzeko moduan.

Saleren semeetako baten agindupean dagoen taldeari leporatu dio egoera gaiztotzea, eta su-etena aplikatzeko ardura duen taldeak ikusi ahal izan du ibilgailuak erreta daudela Taizko kaleetan, eta etxebizitzak eta dendak leihoak hautsita. «Ia desesperaturik gabiltza sua ezin geratu, ezin hiria desmilitarizatu», aipatu du batzorde horretako kide batek. «Armada koartelera itzul dadin saiatzen ari gara, eta leinuetako kideak euren herrietara itzul daitezen. Hori gertatzen ez bada, Taizek garesti ordainduko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.