Sana hiriburutik hegoaldera gero eta eremu gehiago ari dira hartzen Yemengo miliziano huthiak. Jada Aden hiritik 50 bat kilometrora daude, Lahij probintzian izen bereko hiriburua eta Al-Anadeko base militarra kontrolpean hartu ostean. Abdo Rabu Mansur Hadi presidentea eta haren gobernua Adenen daude, Hego Yemen izan zeneko hiriburuan babestuta, iragan otsailaren 21etik.
Miliziano huthiek —zaidia dute ideologia islamismoaren adar xiitan— Ta'izz hiria hartu zuten igandean, Sana hiriburuaren eta Aden hiriaren erdibidean. Yemengo hirugarren hiri handiena izateaz gain, Ta'izzek garrantzi estrategiko handia dauka Sanatik ihes egindako agintariak babestuta dauden hirira iristeko ahaleginean.
Huthien aurrerabidea ikusita, astearte gauean nazioartearen interbentzio militar bat baimentzeko eskatu zion Hadi presidenteak Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari. Hala erabakitzen duten herrialdeek nazioarteko koalizio batean parte hartzea proposatu dio Hadik NBEri. Aurrez, astelehenean, Pertsiar golkoko monarkiei gatazkan esku hartzeko eskatu zien Hadik.