Protestak herrialde arabiarretan

Yemenen liskarrak gaiztotu egin dira, eta bost lagun zauritu dira

Bahrainen 20.000 lagun inguru bildu dira erreformak eskatzeko; bi lagun hil dira jada Poliziarekiko liskarretan

2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Sana Yemengo hiriburuko unibertsitatean mila lagunetik gora bildu ziren atzo Ali Abdala Sale presidentearen aurkako protestan. Presidentearen egoitzara joan nahi izan zuten manifestariek, baina bidean gobernuaren aldekoak aiztoekin eta makilekin oldartu zitzaizkien. Bost lagun zauritu ziren liskarretan.

Egiptoko iraultzak adoretuta egin dute kalera oposizioko kideek. Manifestazioan Mubaraken ondotik, Ali oihukatu dute behin eta berriz. Boterean betikotzeko erreforma batzuk egin nahi zituen Abdalak —1990etik dago agintean—, baina herritarren haserrea zela eta, hilaren hasieran bertan behera utzi behar izan zituen bere asmoak.

Erreforma eske Bahrainen

Erreforma ekonomikoak, politikak eta konstituzionalak eskatzeko, Bahraingo hiriburuaren erdigunean milaka herritar bildu dira. Antolatzaileetako baten arabera, 20.000 lagun inguru bildu dira. Horietako askok gaua bertan igarotzeko asmoa dutela azaldu du. Egungo gobernua deuseztatzeko ere eskatu dute,eta giza eskubideen urratzeak behin betiko amai daitezen exijitu dute.

Herenegungo protestetan 21 urteko gazte bat hil zen, eta poliziek gomazko bala batekin larri zauritu zuten beste gazte bat hil zen atzo, ospitalean. Hamad bin Isa al Jalifa erregeak manifestari horien heriotza deitoratu du,eta «haien heriotza nola eta zergatik gertatu den ikertzeko» batzorde bat eratuko duela hitzeman du.

Orain arte protestak baketsuak izan diren arren, Poliziak gogor erantzun du horien aurka. Atzo ere negar gasak eta gomazko balak erabili zituzten manifestarien aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.