Kanpaleku bihurtuta dago Sanako unibertsitatea herenegundik. Iturrien arabera, 3.000 lagun inguru daude Yemengo hiriburuko gune horretan bilduta, eta ez dute handik joateko asmorik Ali Abdala Sale presidentea kargutik kendu arte. Unibertsitatetik gertu, manifestari batzuek auto bat geldiarazi eta erre zuten atzo. Lekukoen arabera, barruan zihoazen pertsonak armatuta zeuden, protesten aurka egiteko asmoz.
Sale 1978tik dago boterean, eta bere legealdia luzatzeko asmotan zebilen protestak hasi aurretik. Salek asmoa bertan behera utzi behar izan du, eta hitzeman du 2013an ez dela berriro bozetara aurkeztuko. Horrek, ordea, ez ditu manifestariak gogobete, eta protestatzen jarraitzeko asmoa adierazi dute.
Israel, istiluetatik kanpo
Israelek ez du herrialde arabiarretan gertatzen ari diren erreboltetan esku hartuko; hala esan du Avigdor Liebermann Atzerri ministroak. Istiluak «barne politika» direla adierazi du, eta Israelek gobernu berriak ere babestuko dituela. Haiekin eginak dituzten itunak errespetatzea «ezinbestekoa» dela ere esan du —Egiptorekin eta Jordaniarekin adostutako bake akordioak, adibidez—.
Erreboltak «miseriarengatik» eta «gobernuak eraginkorrak ez izateagatik» sortu direla esan du; Palestinaren eta Israelen arteko gatazkarekiko loturak ukatu egin ditu, ordea.
Yemenen, Sale botatzeko protestan jarraitzen dute 3.000 lagunek
Israelek esan du ez duela asmorik herri arabiarretan gertatzen ari diren erreboltetan esku hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu