Haurrak, emakumeak eta edadetuak izan dira, beste behin, gerra baten biktima errugabeak. Yemen iparraldeko desplazatuen gune batean zeuden errefuxiatuta, eta armadako hegazkinek bitan bonbardatu zituzten. «Lehen erasotik bizirik atera ziren desplazatuak ihesean ari ziren, babesleku bila, eta orduan beste aireko batek bonbardatu zituen; erabateko sarraskia izan zen». Lekuko baten hitzak dira.
Yemengo armadak 87 zibil hil , eta beste 40 zauritu zituen, herenegun, iparraldeko desplazatuen gune bat gutxienez bitan bonbardatuta; haurrak, emakumeak eta edadetuak ziren gehienak. Amran eskualdean izan zen erasoa; Harf Sufianen. Han dagoen desplazatuen gunean milaka lagun bizi dira, baldintza kaskarretan, plastikozko etxoletan. Hainbat lekukoen arabera, armadak lau alditan bonbardatu zuen gunea, eta gorpuak sakabanatuta gelditu ziren dozenaka metroko eremu batean.
Borroketatik ihesi joandako zibilak daude desplazatuen gunean. Yemengo armadak, izan ere, matxino xiiten kontrako erasoaldi bat hasi zuen, iragan abuztuaren 11n, iparraldean. Operazio horretako eraso bortitzena izan zen herenegungoa. Gobernuak ez ditu erasoaren inguruko argibideak eman; hala ere, iturri militarrek salatu dute matxinoek giza ezkutu gisa erabiltzen dituztela zibilak.
Bost urte borrokatan
Yemengo armadaren eta matxino xiiten arteko borrokak 2004ko apirilean hasi ziren; agintariek jatorrizko herritarren eskaerak, xiitak horiek ere, ez zituela aintzat hartzen argudiatuta. Hussein al Huti klerikoak zuzendu zuen matxinada, eta urte hartako irailean hil zuten; harrezkero, haren semeak hartu du matxinoen buruzagitza: Abdel Malek Al Hutik. Harf Sufian eta Al Jawf lotzen dituen errepidearen parean dago herenegun bonbardatutako desplazatuen gunea, eta matxinoen eskuetan dago errepide estrategiko hori -Saudi Arabiara doa-.
Human Right Watch erakundeak giza krisiaz ohartarazi du; 150.000 desplazatu daude, eta oso handia da pobrezia.
Yemengo armadak 87 zibil hil ditu desplazatuen gune bat bitan bonbardatuta
Gobernuak matxino xiiten kontra iragan abuztuan hasi zuen operazioko eraso bortitzena izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu