Yemengo Poliziaren aurkako erasoan hamabost lagun inguru hil dituzte

Suizida batek auto bat zartarazi du; hildako gehienak polizia izateko ikasten ari ziren gazteak izan dira

Erredakzioa
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Yemengo hiriburuko Polizia akademia baten aurkako erasoak agerian utzi du, beste behin, herrialdeak dagoen ezegonkortasuna. Ekintzaile suizida batek auto bonba bat zartarazi du akademiaren sarrera batean, eta gutxienez hamabost lagun hil ditu. Iturri ofizialek jakinarazi dute hildako gehienak polizia izateko ikasketak burutzen ari ziren gazteak zirela.

Eguneko entrenamenduak amaitu eta Polizia akademiatik irteten ari ziren dozenaka kadete leherketa jazo denean. Hasiera batean hildakoak hogeitik gora izan direla adierazi dute, baina, gerora hamabostera jaitsi dute biktima kopurua. Osasun iturrien esanetan, zauritu ugari ere utzi ditu atentatuak. «Gertaeren gertalekura joan gara eta dozenaka kadete aurkitu ditugu odoletan. Odola leku guztietan zegoen. Ikuspegi ikaragarria zen», adierazi du Fadel Ali poliziak. Lekuko batzuk erasotzailea motorrean zihoala adierazi dute, beste batzuk oinezko bat izan dela, baina autoa zartarazi duela baieztatu dute gerora.

«Al-Qaedaren sinadura»

Poliziak ikerketa bat hasi du, eta, inork erasoa bere gain hartu ez badu ere, atentatuak «Al-Qaedaren sinadura» daramala adierazi dute ikerketa iturriek. Maiatzean, hain justu, armadako desfile batean ekintzaile suizida batek soinean zeraman karga zartarazi eta 90 soldadu baino gehiago hil zituen. Erasotzailea armadako uniformearekin jantzita zegoen. Al-Qaedari lotutako Ansar al-Xariak aldarrikatu zuen eraso hori.

Iaz herrialdean hasi zituzten gobernuaren aurkako protestek sortu duten ezegonkortasuna baliatu dute islamistek indartzeko, eta Abyan eskualdean ere hainbat herriren kontrola hartu zuten. Iragan hilabetean armadak eskualdeko hiriburua berreskuratu zuen, baina operazioan dozenaka soldadu eta matxino hil ziren. Mansour Hadi presidente hautatu berriak Al-Qaedaren aurkako borroka bere lehentasunetako bat izango dela adierazi zuen otsailean karguaren zina egiterakoan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.