Yemengo Gobernuari egoera oso zaila jartzen ari zaio, eta Tunisiako edo Egiptoko gertaeren prozesua ekartzen dute gogora han gertatzen ari direnek. Gobernuan eta armadan gero eta dimisio gehiago gertatzen ari dira, eta Ali Abdala Sale presidentea bakarrik geratzen ari da, botereari eutsi nahi eta ezinean, nahiz eta berak esaten duen herritar gehienak alde dituela: «Kaosera, indarkeriara eta gorrotora deitzen dutenak gutxi batzuk dira».
Baina taldez eta iritziz jende asko ari da aldatzen, horien artean atzo dimisioa eman zuten hiru jeneralak eta Jordanian eta Sirian diren enbaxadoreak. Armadako bigarrena izan da jeneraletan manifestarien aldera igaro den garrantzitsuena: Mohamed Ali Mohsen, hain justu presidentearen anaiordea. «Herritarren iraultza eta haren eskaerak babesten» dituela esan du. Horiek denek eskatu dute Saleren dimisioa, eta armadako buruzagiek Sanako manifestariak babestera bidali dituzte tropak.
Ali Mohsen jeneralaren babes adierazpenak, bien bitartean, armadako beste kide asko animatu ditu. Bi jeneralek eta horien atzetik hainbat ofizialek ere erabaki berbera hartu dute. Barne Ministerioko gutxienez 50 kargudunek ere bai.
Armadaren erdiak baino gehiagok egin du manifestarien alde, Yemen Post egunkariak azaldu duenez, eta jeneralaren dimisioak mugarri bat ezartzen duela dio. «Sale presidenteak partida galdu duela adierazten dute gertakari horiek, eta dimisioa eman beharko luke».
Aldaketa horiek, baina, asteburuan gertatutakoen segida dira, eta aurreko astean izandako errepresioaren ondorio. Hainbat ministrok kargua utzi dute joan den asteko protestetan Poliziak 52 manifestari hil zituelako eta protesta baketsuak indarkeria hutsez isilarazi dituztelako. Salek gobernua desegin behar izan du ondorioz.
Azken egunotako errepresioaren ondorioz, Siriako eta Jordaniako enbaxadoreek ere utzi dute kargua. Damaskokoak, Abdel Uahhab Tauafek, hauxe esan du: «Tagiirko plazako sarraskiaren ondoren, dimisioa eman dut». Kargua uztearekin batera alderdia ere utzi du, eta oposizioko mugimenduarekin bat egin du.
Gobernua, deseginda
Herenegun, gobernu osoa desegin zuen Salek, hainbat ministrok gobernua utziko zutela iragarri eta gero —27 diputatuk eta gobernuaren alderdiko 47 kidek ere utzi dute—. Salek ezeztatu egin du Poliziak errepresioarekin zerikusia izatea, eta manifestarien artean dauden ekintzaile armatuak egin ditu gertatutakoaren erantzule. Larrialdi egoera ezarri du manifestazioak saihesteko.
Protestak herrialde arabiarretan
Yemengo presidentea sostengua galtzen ari da gobernuan eta armadan
Hainbat enbaxadore, ministro eta militar oposizioaren aldera igaro dira egunotako errepresioaren ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu