Protestak herrialde arabiarretan

Yemengo presidentearen ezusteko itzulerak protestak eta indarkeria areagotu ditu

Su-etena eskatu du Salek elkarrizketak hasteko; poliziak indarrez oldartu zaizkie manifestariei

2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ezustean harrapatu du oposizioa Ali Abdula Sale Yemengo presidentearen itzulerak. Ekainaren 3an larri zauritu zuten atentatu batean, eta ordutik Saudi Arabian egon da zauriak artatzen. Itzulerak sua indartu besterik ez du egin: haren aurkako protestak handitu egin dira, eta, horiekin batera, errepresioa eta indarkeria. Herrialde osoan ostiraleko otoitzen ostean lau milioi lagun inguruk Saleren aurkako protestetan parte hartu dutela jakinarazi du Avaaz giza eskubideen aldeko erakundeak.

Sana hiriburuan, esaterako, milioi bat lagun bildu dira protestetan, gehienak gazteak. Poliziek tiroz erantzun dute, eta gutxienez hamahiru lagun hil dituzte, eta 40tik gora zauritu. Taizen, berriz, herrialdearen hegoaldean, erregimenaren aldekoek manifestari bat hil dute tiroz. «Horixe da Saleren ongi etorri oparia bere herriarentzat; manifestarien aurka tiroka hastea», esan du haserre herritar batek.

«Saleren itzulerak zatiketa handiagoa eta liskar gehiago esan nahi du», adierazi du Abdel Hadi al Azizik, oposizioko lider batek. Bestalde, oposizioko talde batek herrialdera itzuli den «hiltzailea» epaitzen saiatuko direla jakinarazi du.

Urtarrila amaieran protestak hasi zirenetik Yemenek izan duen asterik odoltsuenean itzuli da, hain justu, presidentea. Azken bost egunetan, Sanan eta Taizen 81 lagun hil dituztela jakinarazi du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, eta 900dik gora zauritu dituztela. Horrez gain, egoerak hobera egiten ez badu, osasun zerbitzuek zaurituei arreta emateko zailtasunak izango dituztela gogorarazi dute.

Alde guztiei su-etena eskatu die, bestalde, presidenteak iritsi berritan. Negoziaziorako deia egin du: «Irtenbidea ez dago pistola nahiz fusilen ahotan, elkarrizketan, elkar ulertzean eta hilketak behin betiko amaitzean baizik. Bizitza eta segurtasuna babestean, egonkortasunean eta herrialdearen gaitasun eta onuretan dago irtenbidea», adierazi du.

Nazioartearen presioa

Etxe Zuriak boterea uzteko eskatu dio Saleri, «herrialdeak aurrera egin dezan». Catherine Ashton EB Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi mandatariak, bestalde, lasaitasunerako deia egin die bi aldeei. Akordioaren bidetik jotzea eskatu die Ashtonek.

Persiako Golkoko herrialdeek—Saudi Arabia, Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak, Bahrain, Qatar eta Oman— gatazkari amaiera emateko abian jarritako ekimenak ere huts egin du aste honetan. Duela hiru egun erregimenaren aldeko zein kontrako tropekin negoziatutako su-etena hautsi egin baitzen, indarrean hamabi orduz egon eta gero. Dena den, ekimen horri eusteko eskatu dute AEBek eta EBk.

Ekainaren 3an obus bat jaurti zuten presidentearen egoitzaren aurka, eta Sale larri zauritu zuten. Arabia Saudira eraman zuten sendatzera. Bitarte horretan, baina, demokrazia eskatzeko protestek ez dute etenik, izan ere, Salek 33 urte daramatza agintean. Uztailean, berriz, erregimenaren aurkako Iraultzaren Gazteen Kontseiluak behin-behineko gobernua eratu zuen, presidentearen bizkar Yemen kudeatzeko asmoz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.