Hamud al Sufi Yemengo Taiz probintziako gobernatzaile eta segurtasun batzordeko presidenteak segurtasun indarrak kaleetatik ateratzea agindu du, SABA albiste agentziak jakinarazi duenez. Defentsa ministerioko iturriak aipatuz esan duenez oposizioarekin izandako negoziazio baten ondoren hartu du erabakia.
Kaleetatik ateratzearen truke, oposizioko miliziek indarrez hartutako eraikinak utziko dituzte. Akordioa zibilen heriotzak murrizteko hartu dutela dio SABAk.
Aurretik, ordea, borrokak izan dira armadaren eta oposizioko jarraitzaileen artean. CNN telebista katearen arabera hamar lagun hil dira gutxienez eta 38 zauritu; Yemenego Gobernuak, berriz, hildakoak bost soldadu izan direla esan du, eta zauritutakoak 28, "horien artean bost zibil".