Yoon Suk-yeol Herri Boterearen Alderdia indarreko buruzagi kontserbadorea hautatu dute Hego Koreako presidente. Horrela, datozen bost urteetan egongo da karguan, Moon Jae-Ineken lekua hartuta. Gutxigatik irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak Yoonek: botoen %48,56 lortu ditu, eta Lee Jae-myung Alderdi Demokratako hautagaiak, berriz, %47,83.
Buruzagi kontserbadoreak maiatzaren 10ean hartuko du kargua, eta, besteak beste, «askatasuna eta demokrazia mehatxatzen dituzten indar eta ideologietatik urrun» egongo dela adierazi du. Inguruko herrialdeak ere izan ditu hizpide: adierazi duenez, Ipar Korearekin hitz egiteko atea «beti zabalik» mantenduko du, baina ohartarazi du «zorrotz» erantzungo duela, «beharrezkoa» izanez gero. Japoniarekin, ordea, «aurrera begiratzen duen harreman bat» lortzeko lan egingo duela jakinarazi du, eta Txinarekin «errespetuzko» harreman bat sortu nahi duela.
Horrez gain, Washingtonekin lankidetza militarra «indartzeko» konpromisoa hartu du Yoonek. Joe Biden AEBetako presidenteak telefonoz zoriondu du buruzagi kontserbadorea, eta, Etxe Zuriak jakinarazi duenez, «Ipar Korearen programa nuklearrek eta misilek planteatzen dituzten mehatxuei erantzuteko koordinazio estua» izateko konpromisoa hartu dute biek.