Etzi egingo dute lehen ministro berria aukeratzeko bozketa Japoniako Parlamentuan, baina ia ziurra da PDL Alderdi Demokratiko Liberaleko buruzagi berria izango dela aukeratua; izan ere, orain arte Shinzo Abek zuzendu duen taldeak gehiengo zabala du ganberan. Alderdiak gaur aukeratu du Aberen tokia hartuko duen buruzagia: Yoshihide Suga izango da, Aberen aurreko agintaldian Barne eta Komunikazio ministro izandakoa.
Egun gobernuko eledun denak alderdiko 534 kideetatik 377ren aldeko botoa lortu du bozketan, hau da, botoen %70 inguru. Suga ez zen hautagai bakarra, baina bozketan oso atzera geratu dira beste bi lehiakideak: 89 boto lortuko ditu Fumio Kishida Atzerri ministroak eta 68 Shigeru Isihiba Defentsa ministro izandakoak.
Abek abuztuan iragarri zuen lehen ministro kargua eta alderdiko buruzagitza uzteko asmoa, osasuna zela eta. 2007an ere dimisioa eman zuen arrazoi beragatik. Abek kolitis ultzeraduna du, eta azken hilabeteetan okerrera egin dio gaitzak, politikagintza uztera behartzeraino.