Yoshihiko Noda orain arteko Finantza ministroa izango da Japoniako lehen ministro. Fukushimako hondamendiaren gestioagatik Naoto Kanek ostiralean eman zuen bere dimisioa, eta Nodak hartuko du bere lekukoa. Bost urtean Japoniako seigarren lehen ministroa izango da.
Alderdi Demokratikoan egin dute bozketa, eta Banri Kaieda Industria ministroaren aurka lehiatu da Noda, bigarren itzulian. 215 boto jaso ditu Nodak, eta Kaiedak, 177. Noda ez dute oraindik lehen ministro izendatu, baina alderdiren babesarekin arazorik ez du izango, legebiltzarrean gehiengo osoa baitu. Aurreikuspenen arabera bihar izango da izendapena.
Lehen itzulian aurkeztu ziren beste hiru hautagaiak kanporatuak izan ziren. Alderdi Demokratikoaren barne bozketa batean ez da orain arte inoiz hainbeste hautagai aurkeztu; alderdiaren baitan ematen den zatikatzearen erakusle da hau. Alderdi Demokrata duela 13 urte sortu zen eta bi urte daramatza gobernuan.
Garaipenaren ondoren Nodak emandako lehenen diskurtsoetako batek zatikatze horri egin dio erreferentzia; orain jadanik fakziorik ez dagoela esan du eta alderdiaren baitako batasunera deitu ditu alderdikideak. Garaipenaren ondorengo hitzaldian Gobernuak agin beharko dituen lanak gogoratu ditu; "krisi nuklearra, tsunamiak sntsitutako guneen berreraikitzea, yenaren igoera eta deflazioa", zerrendatu ditu Nodak.
Hitzaldian halako aipamenik egin ez bazuen ere, berreraikitze lan horietarako zergen igoera ebentual baten aldekoa da Noda. Japonentzako politika fiskal zorrotza defendatzen du, orain arteko presidenteak egin bezala. Jarrera honek Kanen "berezko ondorengo" egin du Noda, eta honela, mediatikoki beste hautagaiak baino ezezagunagoa izan arren, garaipena lortzeko beharrezko bultzada izan du.