muNDUA

Yukio Hatoyama izendatu dute Japoniako lehen ministro

Alderdi Demokratikoko kidea da. Gehiengo osoz irabazi zituzten hauteskundeak. 1955etik ia etenik gabe Alderdi Liberal Demokrata egon da agintean.

2009ko irailaren 16a
12:49
Entzun
1955etik aurreneko aldiz izendatu dute gaur Japoniako lehen ministro Alderdi Demokratikoko kide bat: Yukio Hatoyama. 62 urte ditu eta lau urterako agintea hartu du. Taro Aso Alderdi Liberal Demokratako (PLD) kidearen lekua hartu du. Hain zuzen, Asok bart eman du dimisioa PLDko buru gisa.

Azkeneko 54 urtean ia etenik gabe PLD egon da agintean. 1993ko abuztuaren 9a eta 1994ko apirilaren 28a bitartean baino ez zuten galdu. Zazpi alderdik osatutako koalizio batek kendu zituen gobernutik, zentsura mozioa zela medio.

Abuztuaren bukaeran egin zituzten Japoniako hauteskundeak, eta Alderdi Demokratikoak Legebiltzarreko behe ganberako gehiengo osoa bereganatu zituen. "Herritarren garaipena izan da, aldaketa nahi zutenena", esan zuen Hatoyamak, lehen ministro aukeratu berriak. %70ekoa izan zen parte-hartzea. Alderdi Liberal Demokratak, berriz, 2005etik ia berrehun aulki galdu ditu.

Uztailean izan dute II. Mundu Gerraz geroztikako langabezia tasa handiena: %58koa. Iaz baino 1,03 milioi lagun gehiago daude lanik gabe; guztira 3,95 milioi. Gainera, zazpi bilioi euroko zorra dute, BPG barne produktu gordinaren bikoitza. Eta egoera horri buelta emateko, japoniarrek duela 11 urte liberalen lerroetatik ihes egindako politikariek, sozialistek eta beste hainbestek osatutako alderdia aukeratu dute.

Hatoyamak agindu du, jaiotza tasak gora egin dezan, familiei haur jaio berri bakoitzeko urtean 2.300 euro emango dizkiela, umeak 15 urte bete arte. Batez beste emakume bakoitzak 1,37 ume izaten ditu; populazioari eusteko 2,07 izan beharko luke batez bestekoak. Antzeko beste neurri batzuk ere iragarri ditu: gutxieneko pentsioa ezarriko du, eta 75 urtetik gorakoek ez dute ordaindu beharko osasun asegurua. Hori guztia posible dela dio, burokrazia murriztuta.

Berotegi efektua sortzen duten isurketak 2020rako %25ean gutxitu nahi dituela ere adierazi du.

Atzerri politikari dagokionez, berriz, Ameriketako Estatu Batuekiko (AEB) menpekotasuna gutxitu nahi du, eta auzoko herrialdeekin elkarlanean hasi.

Dena den, lehenbailehen ekin beharko die agindutakoei. Datorren urteko uztailean berrituko dute Senatuaren erdia, eta boto-emaileek ordurako nahikoa egin ez duela pentsatuko balute, egungo gehiengo osoa ken liezaiekete demokratei. Senatuak behe ganberako erabakiak blokeatu ditzakenez, zail izango lukete agintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.