Mundua

Zabaldu dituzte bozkalekuak Iraken

20,5 milioi irakiar daude deituta botoa ematera. Legebiltzarraren osaketa aukeratuko dute, eta hortik datozen lau urteetarako gobernua aterako da.

Emakume bat, lehen orduan, botoa ematen. ALI ABBAS, EFE
2014ko apirilaren 30a
15:14
Entzun

AEBetako tropek herrialdea utzi zutenetik lehenengo hauteskunde orokorrak egingo dituzte gaur Iraken. Hogei milioi herritarrek baino gehiagok dute boto eskubidea parlamentuko 328 diputatuak aukeratzeko, eta parlamentu horrek hautatuko du gobernua. Nuri al-Maliki lehen ministroaren aliantza da faborito. Indarkeria giro larriaren erdian egingo dira hauteskundeak.

AEBak duela bi urte erretiratu arren, Irakeko desberdintasun erlijiosoen eta etnikoen areagotzea utzi zuten oinordekotzan, eta atentatuetan eta borroketan hildakoen kopurua 2006koen ingurura iritsi da —orduan lehertu zen xiiten eta suniten arteko borroka sektario latzena—. Apirilaren 1etik 26ra 863 lagun hil dituzte Iraq Body Count erakundearen arabera, eta urtea hasi denetik, ia 4.000.

Atzo bertan hamabost lagun hil zituzten Diyalako probintziako merkatu batean, atentatu bikoitz batean. Herenegun, berriz, 26 polizia eta soldadu hil zituzten herrialdeko hainbat puntutan, botoa ematera zihoazenean —gainerako herritarrek baino lehen eman dute botoa—, eta Kurdistanen gutxienez beste hogei PUK Kurdistango Batasun Abertzalearen egoitza aurrean eginiko eraso suizidan.

Hauteskundeei begira segurtasuna bilakatu da gobernuaren buruhauste handienetakoa, eta ezohiko neurri batzuk hartu ditu: hauteskundeak bukatu arte aireportu guztiak itxi ditu, eta hauteskunde egunean itxita egongo dira Bagdadeko sarrera eta irteera guztiak, eta hiriburuan ezingo da ibilgailurik erabili.

Iraqiya blokea, arerio

Al-Malikik gaur izango duen arerio nagusia Iyad Allawi lehen ministrorde ohia izango da, Iraqiya blokekoa. Iraqiyak irabazi zituen 2010eko hauteskundeak, baina Al-Malikiren Zuzenbide Estatuaren Koalizioak hirugarren indarrarekin bat eginda hartu zuen boterea. Zuzenbide Estatuaren Koalizioa xiitek babestutako indarra da nagusiki, eta Iraqiya, berriz, sunitek. Allawi xiita da, baina sunizalea izatea egozten diote Al-Malikiren aldekoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.