IZEN PROPIOAK

Zaied Al Nahian

2004ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Zaied bin Sultan al Nahian Arabiar Emirrerri Batuetako presidentea atzo goizean hil zen, 86 urterekin. Emirrerrietako lehen presidentea izan zen bera. Orain, Maktum bin Rashid Dubaiko xekeak hartuko du bere lekua, hurrengo gobernuburua hautatu artean. Al Nahian 1918an jaio zen Abu Dhabin eta gaztaroa basamortuan igaro zuen beduinoekin, haien bizimodua eta ohiturak ikasten. 1946an jakin zuen lehen aldiz boterean egotea zer zen. Urte hartan Gobernuaren ordezkari izendatu zuten Al Ain herrian. Tribuen inguruko erabakiren bat hartu behar zuenean, aurretik beraien iritzia jakin nahi izaten zuen. 1962an Abu Dhabitik petrolioa esportatzen hasi ziren. Garai hartan, Zaied Al Nahianen anaia zegoen agintean. Baina hark botereari garrantzi gehiegi ematen ziola uste izan zuten agintariek eta Zaied bera jarri zuten postuan. Sei urte geroago, ordu arte Erresuma Batuaren menpe egon ziren Trucial Estatuei independentzia ematea erabaki zuen Londresek. Hori ikusita, Zaiedek federazio bat sortzea proposatu zien herrialde haietako agintariei. Era horretan, 1971ko abenduan sortu ziren Arabiar Emirrerri Batuak eta Zaied izendatu zuten presidente. Gobernuburua petrolioaren irabaziez baliatu zen ekonomia hobetzeko. Horri esker, jarraitzaile ugari lortu zituen presidenteak, bai agintarien artean eta baita herrialde hartan bizi diren atzerritarren artean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.