Muammar Gaddafiren hilketak aro berri bat ireki zuen Libian iazko urriaren 20an. 40 urtez herrialdea arautu zuen sistema bereziaren —Jamahiriya-ren— erabateko desegitea bermatu zuen horrek, eta bertze baten eraketari bidea ireki. Gaddafiren aurka eratu zen NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionala ageri da prozesuaren arkitekto. Koronelaren 40 urteko agintaldi sendoaren ondoren, Libia «demokrazia bat» bihurtzeko xedea agertu du NTCk, eta horri forma emateko berebiziko pausotzat aurkeztu ditu heldu den uztailaren 7rako deitutako hauteskundeak. Bozek Libia demokrazia bat izatera hurbilduko dutela, ordea, zalantzan paratu dute barneko eta kanpoko eragile anitzek, bertzeak bertze, milizia anitzek ez dituztelako armak utzi, eta oraindik ere borrokak lehertzen direlako nonahi. Gaddafiren ondorengo Libiaren forma, oraingoz, gerrak desegindako herrialde batena da.
Zeresana eman du NTCk hauteskundeak zein baldintzatan deitu dituen, herrialdeko gune guztietan ez baitute haren agintearen zilegitasuna onartu. Prozesua prestatzeko ere arazoak izan ditu, eta hasieran hil honen 19rako iragarri bazituen ere, data horretan hasi dena kanpaina izan da, bozak uztailaren 7ra gibelatuz. 6 milioi herritar ingurutik 2,7 milioik izena eman dute erroldan. Kontseilu Nazional Nagusia osatuko duten 200 kideak hautatu beharko dituzte. Erakunde horrek NTC ordezkatuko du Libiako aginte nagusitzat. NTCk emandako datuen arabera, 3.700 hautagai egonen dira, independenteak eta 142 alderditako ordezkariak batuta. Kontseilu nagusian, ordea, 120 jarleku edukiko dituzte independenteek, eta 80 alderdietako ordezkariek.
Zuzeneko aukeraketa
Mendebaldeko hedabide anitzetan Libian 40 urtean eginen diren lehenbiziko hauteskundeak izanen direla argitaratu dute. Baieztapena ez da zuzena. Ian Martin NBE Nazio Batuen Erakundeak Libiara bidalitako misioaren buruak «lehen hauteskunde libreak» izanen direla zehaztu du. Azken bozak 2009an egin zituzten Libian, Herriaren Kongresu Nagusia —parlamentua— hautatzeko. Zeharkako sistema bat zen Gaddafik ezarritakoa. Jamahiriya hainbat batzarrek osatzen zuten, herri mailatik hasi eta Herriaren Kongresu Nagusiraino hierarkizatuta. Heldu den hilekoak, beraz, 1969az geroztik egindako aukeraketa sistema zuzeneko lehen hauteskundeak izanen dira. Horrez gain, Gaddafiren sisteman alderdi politikoak debekatuta zeuden, eta norbanakoak hautatzen zituzten. NTCk bidea ireki die alderdiei.
Mendebaldeko sistemen estilora egindako kanpaina eredua, ordea, gauza berria da Libian, eta Mendebaldeko hedabideetan bertan prozesuari buruz herritarrek duten ezjakintasuna edo interes falta erakusten duten testigantzak argitaratu dira. «Ez dugu deus ulertzen hauteskundeei buruz», adierazi zion herritar batek BBCri joan den hilean. «Telebistan ez dago programa bakar bat ere botoa nola eman behar den, edo zer egin behar den azaltzen duena». Orduan oraindik hilaren 19rako iragarrita zeuden hauteskundeak. Hemezortzi egun gibelatzeak badirudi ez duela egoera anitz aldatu. Efe agentziako berriemailearen arabera, kanpainaren hasierak oihartzun eskasa izan du Tripolin, baina Dernan—hiriburutik 1.450 kilometro ekialdera— eta Merzaqen —hiriburutik 950 kilometro hegoaldera— adibidez, sumatu ere ez da egin.
Herritarren ezjakintasuna edo interesa gutxi ez, eta amaierarik gabeko borrokek zeharo baldintzatu dute herrialde osoa berriz batuko duen proiektu politiko baten sorrera. Kanpaina hasi baino sei egun lehenago, adibidez, Nafusa mendietan borrokak lehertu ziren. NTCren arabera, astebete baino gutxiago iraun duten borrokaldiek 105 hildako utzi dituzte. Agintariek diotenez, borrokak hasi ziren al-mexaxia tribuko kideek ez ziotelako Zintan hiriko miliziari hainbat herritan atxiloketak egitera sartzen utzi. Al-Mexaxia tribuko ordezkariek salatu dute, gainera, Zintango miliziek gas toxikoak erabili dituztela borrokan. Tripolik hori ukatu du. Amazigh herriaren bizilekua dira Nafusa mendiak, herrialdearen ipar-mendebaldean, Tunisiako mugatik hurbil. Gerra zibilean Gaddafiren indarren aurkako erresistentzia gune gogorrenetakoa izan zen, 40 urtean amazighen hizkuntza eta kultura gogor zanpatu zituelako koronelak. NTCk Tripolin boterea hartu zuenean, ordea, erregimen berriak ere amazighen inolako onarpenik egiteko asmoa ez zuela salatu zuten herri horren ordezkariek.
Mendebaldea NTCren botere hutsunearen fokuetako bat baino ez da , ordea. Ekialdean, adibidez, Zirenaikako Trantsiziorako Kontseilua osatu zuten Bengazin—Libiako bigarren hiria, eta iazko matxinadaren sorlekua—. Zirenaika Surt hiritik —herrialdearen erdian, kostan— Egiptoko mugarainoko lurraldetzat zehaztu, eta autonomia aldarrikatu zuten. NTCk ez zuen hori onartu. Zirenaikako kontseiluak ez du autonomia baino haratago doan aldarrikapenik egin, baina herrialdearen mendebaldearen eta ekialdearen arteko haustura, gerra zibilean hainbertze aipatu zena, nabarmen gelditzen ari da. Milizia propioak dituzte, eta petrolio birfindegi aberatsenak han daude. NTCk antolatutako hauteskundeekin ere ez daude gustura, eta maiatzetik ari dira protestan. Iragan asteazkenean, adibidez, Surt eta Bin Jawad hirien artean errepidea moztu zuten. Ekialdekoak kexu dira Kontseilu Nazional Nagusian Libiako hiru eskualde historikoek —Tripolitaniak, Fezzanek eta Zirenaikak— ordezkaritza bera eduki beharrean, biztanleen araberakoa edukiko dutela. Sistemak Tripolitaniari egiten dio mesede.
NTC, indarkeriaren itzalean
Indarkeria eta nahasmen giroan eginen dira, beraz, hauteskundeak, eta gertaera ilunek NTC bera ere zipriztindu dute. Iragan ortzegunean Abdel Fatah Younis Gaddafiren Barne ministro desertorea atxilotzeko agindua eman zuen epailea hil zuten Bengazin, tirokatuta. Younis matxinoen militar burua bihurtu zen, baina uztailean hil zuten —kasua argitu gabe dago—. Epailearen sendiak NTC egin du hilketaren erantzule. Horrez gain, Gaddafik matxinadaren aurka erabilitako errepresioa salatu zuten nazioarteko erakunde berberek —Human Rights Watchek, Amnesty Internationalek...—, erregimen berriaren agintepean atxilotzeko zentro bereziak daudela eta tortura sistematikoa dela salatu dute.
Zalantza arteko bozak
Herrialdea aginte bakarraren pean batu gabe eta borrokak etengabe lehertzen direla hasi dute Libian hauteskunde kanpainaKontseilu Nazional Nagusia hautatuko dute uztailaren 7an, parlamentu berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu