Zalantzan daudenen bozek erabakiko dituzte gaurko hauteskundeen emaitzak

Kadima da faborito baina litekeena da laboristekin negoziatu behar izatea koalizio gobernua

Kristina Berasain Tristan.
2006ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte gaur Israelen. Orotara bost milioi pertsona daude deituta bozkatzera eta kanpainan erakutsi duten interes falta agerian gelditu da hauteskunde egunaren bezperan. Hautesleen milioi eta erdi batek botoa nori eman erabakitzeke dutela azaldu zuten atzo inkestek eta, ildo horretan, euren eskutan egongo da bozen emaitza. Knesset-en ehun eta hogei legebiltzarkide daude orotara eta zalantzan dauden hautesleen botoek hogeita zortzi erabaki ditzakete. Datu horrek kolokan jarri ditu orain arteko aurreikuspen guztiak eta kezka eragin du alderdi politikoen artean. Kadima alderdiak bozak irabazitzat ematea akats bat izan zela adierazi zuen atzo.

Ariel Sharonek iragan azaroan sortu zuen alderdia da, dena den, bozak irabazteko faboritoa. Kadimak 33 eta 36 diputatu artean lortuko dituela diote azken inkestek eta, hartara, nekez lortuko du gehiengo absolutua. Ehud Olmert jarduneko lehen ministroak, ondorioz, bozetan lehiatzen diren beste hogeita hamaika alderdiekin negoziatu beharko du koalizio gobernua eratzeko garaian. Sharon koma egoeran dago urte hasieratik eta orduan hartu zuen haren lekua Olmertek. Likudeko alderdikideekin erretiratze plana aurrera eraman ahal izateko izan zituen ezadostasunak zirela eta eratu zuen alderdi berria Sharonek. Likudeko kide ugarik alderdi berrian eman zuten orduan izena, tartean Olmertek.Kokaguneak bertan behera uztea eta palestinarrekin negoziatzea sostengatzen duten politiken aurkari nagusiak dira eskuin muturreko alderdiko buruzagiak. Binyamin Netanyahuk zuzentzen duen taldea hauteskundeetan kaltetuena izango dela eman dute aditzera hainbat informazio iturrik. Inkestek hamabi eta hamabost diputatu artean ematen dizkiote Likudi.Alderdi Laboristak, berriz, hamazazpi eta eta hogeita bat diputatu artean eskuratuko lituzke. Amir Peretz zentro-ezkerreko boza erakartzen saiatu da palestinarrekin negoziatzeko prest dagoela aldarrikatuz. Kadima litekeena da koalizio gobernua laboristekin negoziatzea eta horrekin aski ez badu Meretzekin. Ezkerreko alderdiak, ordea, soilik zazpi diputatu lortuko dituela diote inkestek. Kadimak, ondorioz, eskuin muturraren edo alderdi txikiagoen sostengua beharko luke orduan nahiz eta orain arte eskuinarekin negoziatzeari uko egin dion.Israelgo behin betiko mugak zehaztea eta kokagune txikiak bertan behera utzi eta handiak sendotzea izan dira jarduneko lehen ministroak kanpainan iragarri dituen neurri nagusiak. Biak neurri unilateralak lirateke. Kadimako zerrendan zazpigarrena da Haim Ramon. Erasoak egiteari uzteko urtebeteko epea eman zien atzo laborista ohiak palestinarrei: «Urtebetean ezer ez dela aldatu ohartzen bagara neurri unilateralak jarriko ditugu indarrean. Gure etorkizuna erabakitzeko nahikoa sendoak gara».

Likuden porrota

Israel Beiteinu ultrakontserbadorea da, inkesten arabera, boto kopuruan gora gehien egingo duen alderdia. Avigdor Liebermanen alderdiari zazpi eta hamabost diputatu artean ematen dizkiote inkestek. Egun hiru diputatu ditu Batasun Nazionalaren barruan dago. Likud aurretik jarri daiteke, beraz, immigrante errusiarren sostengua duen alderdia. Likudek hamabost diputatu baino gutxiago eskuratuko balitu bere porrota izango litzatekeela diote adituek egun 40 ditu.

Israelen bizi diren milioi erdi palestinarrek, berriz, inoiz baino aukera gutxiago izango dute ordezkaritza izateko; izan ere, alderdi batek ordezkaritza lortzeko botoen %2 eskuratu beharko ditu gutxienez botoen %1,5 jasotzea aski zen orain arte. Talde honen parte-hartzea bereziki txikia izango dela eman dute aditzera; izan ere, baztertuta daude gutxiengo diren gizarte batean eta mesfidati dira erakunde eta politikariekiko. Zerrenda Arabiar Batua, Balad Alderdi Nazional Arabiarra eta Hadash Batzorde Nazional Demokratikoa dira bozetan lehiatzen diren hiru alderdi arabiarrak eta, parekotasun ugari badituzte ere, orain arte ez dira gai izan zerrenda bakar batean bat egiteko.Kanpaina atzo amaitu zen herritarrak parte hartzera deitzeko aldarrikapenen artean. Israelgo Armadako soldaduek atzo eman zuten botoa gaur segurtasuna bermatu ahal izateko. Lan horretan 22.000 polizia eta soldadu arituko dira. Alerta egoera ezarriko dute gaur Israelen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.